BERTSOTAN

Bertsolamintza: Nondik eta zeri kantatzen diogu?

Bertsolamintza, bertsoaz hausnartzeko ekimena, gaur hasi eta 23an amaituko da Amasa-Villabonan. Aurtengoa Nondik eta zeri kantatzen diogu? izenburupean abiatuko da.

Diogun moduan martxoaren 13an hasiko da, Gasteizko Goiuri jauregian. Bertan bilduko dira Maider Arregi, Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran. Hiruek aztertuko dute zein gairi abesten dieten bertsolariek. “Arregik oholtzan ez dauden kolektiboei eta beraiei buruz kantatzearen inguruan hausnartuko du. Iguaranek eta Bizkarrak egoera sozio-ekonomikoa izango dute berbagai, eta hausnartuko dute plazetan horiei abesten zaien”.
Bigarren saioa martxoaren 14ean izango da, Bilboko Euskararen Etxean. Zihara Enbeitaren gidaritzapean, Jexux Mari Irazuk eta Onintza Enbeitak hartuko dute hitza. Lehenak “libreko bertrsogintza izango du hizketagai. eta Enbeita, ostera, botere harremanez arituko da.
Martxoaren 20an, Itsasuko Sanoki gelan izango da hirugarren saioa. Bertan, Battit Crouspeyre izango da aurkezle, eta berarekin Oihana Arana, Maialen Akizu eta Ainhoa Urien egongo dira. “Arana bertsolaritzako diskurtsoez arituko da: bertsolariek diskurtsorik ba ote duten, ideologikoki lerratuta ote dauden eta beste. Akizuk eta Urienek, bestetik, bertsolarien diskurtsoez egingo dute eztabaida: estetika eta etikaren artean, artista eta obra uztartzearen inguruan arituko dira.”
Iruñeko LABA espazioan izango da hurrengoa, martxoaren 21ean. Saioa Alkaiza ibiliko da aurkezle lanetan, eta Julio Soto, Imanol Artola, Odei Barroso, Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea bilduko dira.

Bertsolamintza Villabonako Subijana etxean amaituko da aurten. Goizeko hitzorduez gain, bazkalondoan, bertso saioa antolatu da. Miren Artetxe eta Sustrai Colina ibiliko dira bertsotan, eta Eli Pagola gaiak jartzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button