
Bilboko Udalak Musika-Música jaialdiaren 24. edizioa aurkeztu du, martxoaren 7, 8 eta 9an burutuko dena. Aurtengo programak Beethoven, Vivaldi, Chopin, Dvorak, Strauss, Ravel, Bach, Telemann edo Haendel musikagileen soinuak bilduko ditu antolatu diren 70 emanalditan.
Aurten Musika eta emozioak lelopean, musikak sentimendu sakonak gogora ekartzeko duen gaitasuna aztertuko da. Martxoaren 7an, ostirala, 19:00etan, Arriaga Antzokiak irekiera kontzertua hartuko du Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Koral Elkartearen eskutik, Erik Nielsenen zuzendaritzapean. Arriaga Antzokian egingo den irekiera-kontzertua izan ezik, programazio osoa Euskalduna Jauregian izango da, martxoaren 7an, 8an eta 9an. Gainera, kontzertu bat baino gehiago egongo dira aldi berean hainbat aretotan.
Guztira, hiru egunetan zehar, 1.500 interprete baino gehiago arituko dira eszenatokietan, 70 emanaldi izango dituen programa berezi batean. “Jaialdia musika maratoi bat izango da. Kontzertu gehienek 45 minutuko iraupena izango dute, eta sarrerak prezio merkeetan egongo dira, denontzat eskuragarri.”
Musikaz gain, zineak ere bere tartea izango du, larunbat eta igande arratsaldean egingo diren bi emanaldirekin, Ander Marzana pianistarekin, César Coca kazetariarekin eta Patricia Sojo musikologoarekin batera. Bestalde, Interprete Gazteek beren lekua izango dute Kioskoan. Bertan, 12 kontzertu antolatu dira.
Aurtengo programak berrikuntza batzuk dakartza. Lehen aldiz, dantzak leku bat edukiko du jaialdian. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Kukai dantza taldeak Ludwig van Beethovenen Prometeoren izakiak aurkeztuko dute, musika eta mugimendua uztartuko dituen ikuskizun batean. Gainera, aurten, Monica Rodríguez Curielen eskutik, Emozioak ehundu aurkeztuko da. Berak publikoa gonbidatuko du tapiz kolektibo bat sortzen laguntzera.
Informazio guztia, ordutegiak, egunak, non eta zer, jaialdiaren webgunean dituzue.



