IKUS-ENTZUN

“Zenbat lur behar du gizon batek?” zikloa Donostian

Uztailaren 4, 11 eta 18an hiru film proiektatuko dira Donostiako Cristina Enea parkean, airepean, laugarrenez. Hiru emanaldiak Zenbat lur behar du gizon batek? lelopean aurkeztuko dira, eta lehenengoa William Golding-en eleberrian oinarritutako Lord of the Flies (Peter Brook, 1963) izango da.

Film ezagun horrek Bigarren Mundu Gerran izandako aire-ezbehar baten nondik norakoak kontatzen ditu: hegazkin bat irla batera eroriko da, eta mutiko talde bat bizirik aterako da; talde horrek gizarte berri bat eratu beharko du, helduen laguntzarik gabe.

Filma jatorrizko bertsioan proiektatuko da, gaztelaniazko azpitituluekin. Hilaren 11n pantailaratuko den Duck Soup (Leo McCarey, 1933) ere, Marx anaien film ezaguna, jatorrizko bertsioan aurkeztuko da, gaztelaniazko azpitituluekin.

Hilaren 18an, proiektatuko den Ernest eta Celestine (Benjamin Renner, Stéphane Aubier eta Vincent Patar, 2012), berriz, euskaraz bikoiztuta dago. Pelikulak Ernest hartzaren eta Celestine saguaren istorioa jasotzen du; animaziozko lana da.

Emanaldiak 22:30ean hasiko dira, eta zikloaren izenburuaren harira, ondokoa azaldu dute Cristina Enea Fundazioa eta Tabakalera antolatzaileek: “1886an Lev Tolstoik idatzitako ipuin baten izenburua da, non nekazari batek, gero eta lur gehiagoren jabe egitearen irrikaz, guztia galtzen duen”. Izan ere, zikloarekin batera, uda honetan, Fundazioak idazle errusiarraren testuetan agertutako zenbait gairen inguruko erakusketa-proiektua abiatu du, tartean, ekologia eta gizakiaren eta lurraren arteko oreka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button