ARTEA

Azkuna Zentroak denboraldi berria abiatuko du

“Ate Irekiak Jardunaldia” antolatu du Azkuna Zentroak datorren osteguna, urriaren 6an. Bertan, zentroan lan egiten duten artistek garatu dituzten sorkuntza prozesu artistikoak ezagutzeko aukera izango du publikoak.

“Lantegia. Ideien laborategian”, Azkuna Zentroaren esperimentaziorako eta sormenerako espazioan lan egin duten artisten proiektuen aurkezpena, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 22:30ak bitartean izango da. Bertan, hogeita hamar proiektu inguru aurkeztuko dira, besteak beste, arte bizien, kultura digitalen, zinemaren edota ikus-entzunezkoen, literaturaren eta ikusizko sormen lanak.

Hala, artista eta kolektibo egoiliarrek beren prozesuak partekatuko dituzte eta ekintza performatiboak, aurkezpenak eta topaketak egingo dituzte. Era horretan, publikoak artistekin hitz egin ahal izango du, euren lanera hurbilduz. Horien artean izango dira, Ander Perez Puelles, M. Benito, Tunipanea, Victoria Ascaso, Blanca Ortiga eta Macarena Recuerda Shepherd; Isabel de Naveran, Aimar Arriola, Laida Lertxundi Miguel A. Garcia, Ion Munduate eta Elena Aitzko.

Gainera, Tractora Koop. E. eta Urbanbat kolektibo egoiliarrek beren prozesuak publikoarekin partekatuko dituzte eta ekintza performatiboak egingo dituzte. Halaber, Azkuna Zentroko terrazan, Antonio Fernandez Alvira artistak espazio espezifiko horretarako sortutako “Memoria de forma” instalazioa jarriko da ikusgai. Laborategi honek gorputza-egitura-ontzia eta fluido-edukia miaketa eta narratiba praktikan jartzen ditu, eta, horretarako, Alhondegiko teilatuko forma eta elementu arkitektonikoekin uztartzen ditu.

“Ate Irekiak Jardunaldiari” hasiera emateko, Amalia Fernandez koreografoak bere azken lana estreinatuko du: “Neti Neti”. Hitzordua, arratsaldeko 17:00etan.  Eta amaitzeko, musika Dj Felix Daniel-en eskutik.

Halatan, adierazpen artistiko eta disziplina ezberdinez gozatzeko aukera eskainiko du programazioak, horien artean ikus-entzunezkoak, arte bisualak, arte eszenikoak, musika edota eskulturak ere izango dute leku.

Informazio guztia duzue, Azkuna Zentroa webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button