MUSIKA

Beltza Weekend jaialdiak erritmo beltzez beteko du Iruñea

Erritmo beltz zaharren inguruan ardazten den Iruñeko Beltza Weekend jaialdiaren bigarren edizioa egingo da asteburu honetan; atzo abiatu zen, hain justu, jaialdiak ondutako egitarau dantzagarria.

Hala, gaur bertan, King Salami & The Cumberland Three taldeak joko du Zentral aretoan, The Lucilles taldearekin batera. King Salami & The Cumberland Three Europan sortutako rhthym and blues talde bizia da. “Salamiaren erregeak kantu eta dantzan oinarritutako garagardo eta doinu bakanal batera eramanen gaitu, eta ezingo dugu ihes egin, festa honetan Screamin’ Jay Hawkins-en gisako Rhythm’n’Blues eroa eta Bo Diddley edo Andre Williams-en erritmo basatiak nahastuko baitira”.

Bihar, halaber, beste emanaldi interesgarri bat izango da Zentral aretoan: Sister Cookie eta The Beat From Palookaville. Sister Cookiek Londresen garatu du bere musika-ibilbidea. Txikitatik aritu da bere ahotsa lantzen eta pianoa jotzen. 2012 urteaz geroztik, buru-belarri ari da musikan eta hainbat bira egin ditu Europan barrena zenbait taldek lagunduta: Ray Collins Hot Club, Mambo Jambo eta Soulful Orchestra, besteak beste. “Orain arte, hainbat EP argitaratu ditu eta lehendabiziko LPa prestatzen ari da Londreseko musikari onenetako batzuekin osatutako bere ohiko bandak lagunduta”.

The Beat From Palookavile, bestalde, Stockholm hirian eratutako banda da. Hainbat musikarik osatutako taldea da, eta rock’n’roll zein ska sustraidun doinuak lantzen ditu. “Palookaviletarrek gustu handia daukate bertsioak aukeratzeko tenorean; esaterako, Mike Pedicinen Burnt Toast And Black Coffee entzun dezakegu beren azken diskoan, edota It’s Your Voodoo Working R&B munstroa. Baina gai dira, modu berean, The White Stripes-en Seven Nation Army”.

Antolatzaileen arabera, musika ekitaldiekin batera ondu duten egitarau paraleloa iazkoa baino oparoagoa izango da. “Beti bezala, disko jartzaile espezializatu bikainak ekarriko ditugu. (…) Disko jartzaileen saioak eta festak ostegun, ostiral eta larunbateko arratsalde eta gauetan eginen dira, hiriko hainbat lekutan”. Hala, larunbat goizean Broken Brothers Brass Band ibiliko da giroa berotzen Iruñeko kaleetan barrena, eta umeentzako tailerra ere izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button