LITERATURA

Baztanen berriz ageri da “(H)ilbeltza”

Urtero, Baztango herri ezberdinetan, euskal nobela beltzari eskainitako (H)ilbeltza aste literarioa pizten da. Aurtengo edizioa Beltza Baztanen argitzen da goiburupean abiatuko da gaur berton, eta igandera bitartean luzatuko da.

Egunotan honako hitzordu interesgarriak izango dituzue: gaur, V. (H)ilbeltza bekaren irabazlea, Eneko Barberena, Suak erreko ez balu nobela beltzaz arituko da, 19:30ean, Arizkungo Medikuaren etxean. Urtarrilaren 25ean, Joseba Sarrionandiak Odol bearbaguea, agirtuco da eguia eurea solasaldia eskainiko du, 19:00etan, Anizko Mendiarte elkartean. Eta larunbatean, 11:00etan, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, Garazi Arrulak eta Garazi Ugaldek Zurian beltz. Literatur itzulpenak eta itzulpozak mahai-inguruan parte hartuko dute. Bertan, Amaia Apalauza izango da moderatzailea.

Beste aldetik, liburu aurkezpen dezente ere programatu dituzte antolatzaileek. Hala, urtarrilaren 28an, Erratzuko elkartean, Jon Alonsok Amaiur bat urtero aurkeztuko du. Beste aldetik, Mikel Alvareze Euskalia lanaz arituko da Erratzun, eta Gaizka Ugaldek Leonardo Sciasciaren Todo modo liburuaren itzulpena aurkeztuko du.

Musika ez da faltako, eta 29an, 19:00etan, Ruper Ordorika izango da Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

Beste aldetik, gogoan izan, Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko VII. (H)ilbeltza beka martxan dagoela. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartearen eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza beka plazaratzen du urtero. Aurten, lanak aurkezteko epea martxoaren 10ean amaituko da.

Aste beltz horren egitarau osoa hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button