
Basoko murmurioak izenburupean abiatuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoak bere denboraldi berria, gaur eta bihar (urriak 1 eta 2) Euskalduna jauregian eskainiko dituen kontzertuen bidez. Hasiera horretan Richard Wagner, Richard Strauss eta Sergei Prokofiev musikarien obrak haizatuko ditu.
Aurtengo denboraldiak literaturarekin izango du lotura berezia Leire Bilbao poetari esker. Izan ere, Leirek poema bat idatziko du saio bakoitzarentzat eta kontzertu bakoitza hasi baino lehen letra horiek entzun ahalko dira. Hain zuzen ere, gaurko saioan poetak berak errezitatuko ditu.
Aurten orkestra baso bilakatuko da: “Baso horretara gonbidatu nahi zaitugu, baso anitza, bertakoa izan zaitezen eta bere parte senti zaitezen nahi dugu, baso bat, non, ezberdinak izanik, elkar aitortzen dugun eta elkarren osagarri garen. Basoa (basoren bat) eta bere zuhaitzak (zuhaitz batzuk) orkestra osatzen duten instrumentu guztien jatorrian ere badaude: hari-instrumentu guztiak, haize egurra, harpa, perkusioa, pianoa bera, edo zuzendariaren batuta.”
Esan beza basoak
Hitzen aurreko hitzen
bila nabil basoan.
Pago, izei,
haritz, urki,
lertxunen artean,
hostoen zainerian,
makalen adarren
haizearekiko murmurioan,
zozoaren hegadaren uberan.
Hitzen aurreko hitzen
soinuaren bila.
(…)



