
Bertso Erronda ekimena berriz abiatu da Bilboko Erronda kalean dauden tabernetan. Berez, Bilbo inguruko edo Bilbon ikasten duten bertsolariak aritzen dira bertan.
Aurtengo Bertso Erronda irailaren 24an abiatu eta urriaren 22an amaituko da finalarekin, 7katu gaztetxean. “Aurtengo haria itzulerarekin lotuta dago, horregatik daude kartelean Pello Reparaz eta Erramun Martikorena. Finala bereziki izango da kontzeptu horren bueltan, bertsolariak eta epaileak ere mozorrotuz”.
Guztira lau saio egingo dira, ostegunetan. Lehenengo saioaren irabazlea Haira Aizpurua izan zen.
Bihar, hilak 1, beste saio bat antolatu da Ixone Asategi, June Diaz, Haizea Telleria eta Ekain Tolaretxipi bertsolariekin. Urriaren 8an, 19:30ean, La Villan, Maddi Aiestaran, Maite Sarasola, Kattalin Lizarraga eta June Aiestaran bilduko dira.
Eta urriaren 15ean, ordu berean, BIRAn, Irune Basagoiti, Maider Altuna, Irantzu Idoate eta Araitz Katarain arituko dira norgehiagoka.
Azkenik, final handia urriaren 22an izango da.



