
Ane Aierbe, Maialen Diaz de Cerio eta Iñaki Sanz-Azkue egileek Xor eta Beltz, mundu bat guztiontzat (Alberdania) izeneko ipuina kaleratu dute. Lanak kulturartekotasuna, migrazioa eta natura lotzen ditu, eta ikasgelan lantzeko material didaktikoa ere badakar.
Ipuinak hauxe biltzen du: “Bi sorbeltz eta bidaia luze bat, zeharkatzen dituena zeruak eta lurrak, ekaitz gogorrak, une alaiak eta paisaia amaigabeak. Bizitza hegaldiz hegaldi doa aurrera. Nork bere bidea eginez, guztiok zeru beraren babesean. Denok utzi dugulako zerbait iraganean. Guztiok bilatzen ditugulako koloretako ametsak etorkizunean. Ipuin honetan, Xor eta Beltz lagun ditugula, bidaia ahaztezin batean murgilduko gara, migrazioa, kulturartekotasuna eta natura bidelagun. Hegaldatuko zara gurekin?”
Ipuinak kulturartekotasunaren eta migrazioaren gaietan sakondu nahi du natura erabiliz umeak kontzeptu horietara gerturatzeko. Sorbeltzek Euskal Herritik Keniara eta buelta urtero egiten duten bidea izango da aitzakia. Euskal Herriko hegazti migratzaileak ezagutzeko aukera ere egongo da bertan, jolasaren bitartez.
Ipuinarekin batera material didaktikoa ere badator ikasleekin beraiekin lanketa egin ahal izateko, izan ere material didaktiko aberatsa proposatzen die irakasleei, ikasturte osoan zehar gelan lantzeko. Gainera, Maialen Lujanbiok gaiari loturiko bertsoa sortu du, entzungai izango dena ipuinean bertan.
“Euskaraz sortutako ipuin hau tresna aproposa iruditzen zaigu gaur egungo errealitateetako bati heltzeko eta haren inguruan hausnartzeko. Migrazioaren errealitatearekin topo egiten duten haur, familia eta ikastetxeentzat, gaia lantzeko, elkarrizketak sortzeko eta begiradak zabaltzeko baliabide baliagarria izan daiteke”.



