MUSIKA

Punto Zero jaialdiaren bigarren edizioa martxoan hasiko da

Bilboko BBK Salak pop berritzaileenari lekua egiten dio berriz Punto Zero jaialdiaren bigarren edizioarekin. Guztira zazpi talde etorriko dira Bilbora, lau kontzertutan banaturik, martxotik ekinera bitartean.

Bilboko Kale Nagusiko lokala ostegun arratsaldeetarako (20:00etan) musika-gunea izango da berriz ere, helburu batekin, “musika-proposamen berritzaile eta oparoei lekua ematea eta bereziki gazteak diren artistei lekua egitea, eta baita sortzen ari den tokiko talentuari laguntza sendoa ematea ere” (programatutako zazpi izenetatik lau euskaldunak dira).

Punto Zero 2023 martxoaren 16an hasiko da Trashi Murtziako bedroom pop-eko laukote gaztearen zuzenekoarekin; dagoeneko “Z Belaunaldiaren ahotsa” izendatu duten taldea da. 23 urte ingururekin, etiketa horretan beren burua ezagutzen dutela diote Sergio Nicolasek (ahotsa eta gitarra), Luz Abrilek (gitarra), Luis Morerak (baxua) eta María Lázarok (bateria), zeren eta euren gai intimistek “gure adineko jendearen sentimenduak adierazten dituzte eta negarrez dantzatzeko dira”. Sei urtez musika eta single biral ugari egiten aritu ostean, aurten esperotako debut diskoa kaleratuko dute. Hasierako lehen egun horretako kartelean Suave kolektiboa ere izango da, Villasoundbilbao 2021 musika-talentu berriak bilatzen dituen Bilboko Udalaren lehiaketaren irabazleak. Jon Rodrigo Arranz hogeitaka urteko bilbotarra buru duela, ekoizpen, estilismo, ikusizko efektu eta abarretan hamar bat gaztek ere laguntzen diotelarik, Suavek elektronika ausart informala egiten du, popetik abiatuta esparru esperimentaletan sartuz joan dena.

Hurrengo kontzertua martxoaren 30an izango da, Divorce From New York eta Benizze taldeekin. Maiatzean, Vicente Navarro eta Elena Setién etorriko dira, eta ekainaren 1ean, Zahara eta Martí Perarnau IV bikoteak osatutako _juno arituko da.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button