
Larunbatean, azaroak 24, Mungiako Torrebillela Kultur Etxean zinegile euskaldunek eginiko terrorezko lau film labur proiektatuko dituzte Euskal Okela izenburupean. Emanaldia, 22:00etan hasiko da, eta hemoglobinaz bustiriko lau film ikusi ahalko dira: Ataun of the Dead, Bariku Light, Don Pin Pon eta Zombie Love Story.
Ataun of the Dead zonbiz beteriko film laburra da. Ataunen grabatu da eta Xabier Padinek eta Beñat Iturriozek zuzendu dute. Lan horretan karlistak, Idiazabalgo gazta eta zonbiak nahasten dira. Zonbi gehiago ikusteko aukera izango da Iñigo Lopezek zuzenduriko Zombie love story lanean.
Asier Abio zuzendari mungiarrak Bariku Light izenburuko lana aurkeztuko du. Filmak ostiral gauean etxean geldituko den Feliciano pertsonaiaren istorioa kontatzen du. Telebista piztu, patata frijituak maionesarekin jaten hasi, eta telebistan sexu saio bat ikusiko du… hortik aurrera abiatuko da abentura zoroa.
Emanaldia Iñigo Acha zinegilearen Don Pin Pon film laburrarekin osatuko da.