
Joan den urteko urritik aurtengo azarora arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso duten hainbat artisten lanak erakusketan ari dira Bilboko Rekalde Aretoan Barriek erakusketa zikloaren bidez.
Erakusketak, gutxi gorabehera, bi hilean behin egingo dira, modu mailakatuan artista bakoitzak bere espazio eta denboraz goza dezan. “Beka sistema honi esker, artistek haien lanari eta prestakuntzari bultzada handiago bat eman ahal diete, beraien proiektuetan ehuneko ehunean murgiltzeko aukerarekin. Horregatik, Rekalde Aretoaren lehentasunetako bat, etxeko artisten talentua sustatzea eta Bizkaian sortu eta lan egiten duten belaunaldien garapen artistikoaren etapetan laguntzea da”.
Leo Burgeren Blue Lines erakusketarekin abiatu zen ekimena, eta horren ostean, María Muriedas artista izan da protagonista. Orain, Ra Asensi (Bilbo,1989) artistaren obra izango da ikusgai. Berak gorputzaren muga materialak zabaltzeko obrak sortzen ditu. Bere lanak, ekintzak eta esku-hartzeak hainbat espaziotan garatu dira. Oraingo proiektuak eskultura, bideoa eta performancea geologiarekin eta erauzketarekin elkartzen ditu memoriarekin dugun harremana zalantzan jartzen duen instalazio batean.
Horren ostean, eta azarora arte, Mar de Dios, Amaia Molinet eta Maider Aldasororen lanak egongo dira ikusgai. Artisten erakusketekin batera, jarduera osagarriak, didaktikoak eta artisten tailerrak egingo dira, jendeak egileen ezagutza pertsonala izan dezan, bai eta artistaren lanen gakoak eta interesa ezagutzeko topaketak ere.



