ESZENA

Kulunka konpainia Dominikar Errepublikan da, Turkiatik igaro ondoren

Garbiñe Insausti hernaniarrak eta Jose Dault zaragozarrak osatzen dute Kulunka Teatro konpainia. Asteon Dominikar Errepublikan izango dira André y Dorine obra antzezten. Aurretik, joan den maiatzean, Turkiako Trabzon hirian eginiko Blacksea International Theatre Festival jaialdian izan ziren obra bera aurkezten. Uztailean, berriz, Ingalaterrako Birmingham hiriko BE Theatre Festival delakoan izango dira.

André y Dorine antzezlanak Alzheimer gaitza du ardatz. Bikote edadetu berezia da protagonista, eta istorio guztia saloi batean gertatzen da. Gela horretako hormetan, gainera, iragana zintzilikatzen da. Idazteko makina baten teklak eta biolontxelo baten notak entzuten dira. Egunerokotasunak eragindako asperdura pairatzen ari da bikotea. Aspaldiko elkarrenganako grina, egun axolagabetasun eta eztabaidagai bihurtu da.

Insausti eta Dault aktoreez gain, Edu Carcamok ere parte hartzen du obran. Hirurak Iñaki Rikarteren zuzendaritzapean aritzen dira. “Mugarik gabeko ikuskizuna” da, eta hitzetik haratago doan hizkuntza sortu nahi dute, alegia, “hunkitzen eta dibertitzen duen hizkuntza”. Horretarako, keinu-antzerkian oinarritzen dira, non maskarak zubi lana egiten du poetika bisual handiko munduan sartzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button