ESZENA

Badator “BAD”

Dantza garaikideari, antzerkiari, performanceari, dramaturgia berriei, arte biziei edota arte eszenikoen askotariko tailerrei buruzko proposamenak ate joka ditugu “BAD,Bilboko Antzerkia eta Dantza” garaikidearen jaialdiarekin.

Harrobia, Campos Antzokiko Kupula Aretoa, La Fundicion eta Zirkozaurre izango ditu agertoki jaialdiak datorren urriaren 13tik 23ra bitartean. Aurre-estreinaldi bat, sei estreinaldi absolutu, estatu mailako bi estreinaldi eta Euskal Herri mailako beste sei estreinaldi dakartza aurten jaialdiaren XXIV. edizioak.

Hala, 11 egunez, 16 konpainien eskutik, etxeko zazpi ekoizpen aurkeztuko ditu egitarauak. Metrokoadroka Sormen Laborategiak emango dio hasiera programazioari “Zeozertan dabil baina ez dakit zertan” aurre-estreinaldiarekin. Vulnera Teatroren “Lo que no se ve” proiektua ere ikusi ahal izango da lehen aldiz, Eszenabide 2021ek saritutako lana. Halaber, Bilbaoeszenaren bitartez eta Bilboko Udalak bultzatutako HARROBIA 2011 beka jaso duen Itziar Maneroren “Memoria” proiektua ere taularatuko da; eta Aitor Zabaletak sortutako Ertza antzerki eta dantza konpainiak, “Otempodiz” obra estreinatuko du, beste batzuen artean.

Estatuko estreinaldiei dagokienez, Frantziako Olga Cirq_Analogique eta Utopisistas  konpainien “Long Play et I’ll be back” emankizunez gozatu ahal izango da BAD jaialdian. Gainera, Espainia eta Erresuma Batuaren artean lan egiten duen zuzeneko arte eta antzerki esperimentaleko konpainiak ere izango dira, esterako, Sleepwalk Collective konpainiaren  “Psychodrama” lana.

“BAD, Bilboko Antzerkia eta Dantza” garaikidearen aurtengo edizioko ikuskizunetarako sarrerak dagoeneko hemen dituzue eskuragarri, baita programazioko xehetasun guztiak ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button