
1924an, Nascimento argitaletxearekin, 20 poemas de amor y una cancion desesperada izeneko lana publikatu zuen Jan Neruda txekiar idazlearengandik ezizena hartu zuen Pablo Nerudak (Ricardo Eliécer Neftalí Reyes Basoalto). Egileak 19 urte zituen liburuak argia ikusi zuenean, eta horixe izan zen bere bigarren obra, Crepusculario izenekoaren ostean.
Poeta txiletarraren lanak behin baino gehiagotan izan dira euskaratuak. Literatur Emailuak-en bidez jakin izan dugu nork egin zituen eta non irakur daitezkeen.
Gabriel Arestik bederatzi poema euskaratu zituen, eta 1986an, Susak argitaratutako edizioan irakur daitezke. 1993an, Gillermo Etxeberriak XX. poema itzuli zuen, Egan astekarian; eta Annie Etxeberrik bi poema itzuli zituen Maiatz aldizkarirako. 2004an, azkenik, Jose Luis Padronek liburua osorik euskaratu zuen, Amodiozko hogei poema eta kanta bat bakar-mindua titulupean.
Padronek itzulitako guztiak hemen irakur ditzakezue.