MUSIKA

Willis Drummond, Kokein eta Inoren Ero Ni taldeek Oiartzunen joko dute gaur

Euskal rockaren panoramako hiru izen garrantzitsu arituko dira gaur Oiartzuneko Pagoa aretoan, 22:00etatik aurrera: Willis Drummond, Kokein eta Inoren Ero Ni.

Hala, Willis Drummondek hasiera berri bati heldu dio Tabula rasa izeneko diskoaren bitartez. Haustura horretan sakontzeko, Joseba B Lenoir taldekide finko fitxatu dute, eta estreinakoz, ekoizle batekin aritu dira estudioan, Burke Reid (The Drones, Courtney Barnett…), zeinak A ala B nahastu zuen. Diskoa garai berri baten emaitza da, aldaketez josia. “Fase berriek beldurra sorrarazten dute, baina ez da gure kasua, pozik baikaude”.

Kokeinek, berriz, Lurpekhariä aurkeztuko du. Rockean errotutako diskoa izanagatik ere, bestelako estiloen zertzeladak ere ageri dira grabazioan bildutako doinuetan. “Lurpekhariä disko irekia da. (…) Ñabardura askotako rocka”. Gitarren eta ahotsen lana azpimarratu beharrekoak dira, sekulakoak. Oinarri erritmikoa, halaber, sendo eta dinamiko ari da. Taldea lau urtez isilik egon dela nabarmendu behar dugu, eta itzulera nota altukoa izan da.

Azkenik, Inoren Ero Nik iaz plazaratu zuen azken lan berria, INNEI. Euren hitzetan lan berria hala dator: “Entzun. Erantzunik ez duzu izango. IENNEI ez da erantzunen asmatzen hasteko abagunea. Bestelakoa du palindromoaren korapiloan asmatu musikak apeta. Halakoa diskoaren izenburua. Jarri ispiluaren aurrean taldearen izenari dagozkion siglak eta bueltakoan jasoko duzu emaitza”. Proiektu ezaguna da Inoren Ero Ni, eta taldekideak, halaber, ibilbide luzeko musikariak: BAP!, Anari, Lobo Eléctrico, Cápsula…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button