ARTEA

Australiara emigratu zuten gizon eta emakumeen historia

Hainbat tokitatik iragan ostean, uztailaren 30a arte, Australiako Diasporaren berri ematen digun Basques In Australia izeneko erakusketa ikusgai izango da Ispasterko Iñigo Egiluz Aretoan. Ekimena Euskal Australiar Alkartearen eskutik ondu da, Eusko Jaurlaritzaren eta Ispaster Udalaren laguntzarekin. Esther Korta erakusketako komisarioa da.

Australiara emigratu zuten gizon eta emakumeen historia eta beren bizitzen zatiak bertan daude. Hilabete baino gehiago irauten zuten bidaietan abiatzen ziren. Gehienak Italiatik abiatzen ziren Melbournera, Brisbanera… eta handik North Queenslandera. 1958 eta 1960 bitartean Euskal Herritik Australiara egindako bost irteera-operazio handi egin ziren, izen bitxiekin: Kanguro Operazioa, Eukaliptus operazioa, Emu operazioa, Karry operazioa eta Torres operazioa.
“Lehenengo bi operazioetan 160 gizon inguru joan ziren bidaia bakoitzean; hirugarrenean, Monte Udala ontziak laurehun pertsona baino gehiago eraman zituen, horien artean 55 bikote, 77 haur eta 214 mutil gazte. Gehienak bizkaitarrak ziren, gainerakoak nafarrak, gipuzkoarrak, Santanderrekoak eta Burgosekoak. Emakumeek ere emigratu zuten, horietariko asko Marta plana deiturikoan joan ziren. Australia eta Espainiako gobernuen arteko migrazio-akordioa zen, Eliza Katolikoak babestukoa. Marta gazteek Australiak eskainitako bizitza hobearekin amets egiten zuten”.

Hara heldu eta lanean hasten ziren, esaterako kanabera mozten matxeteaz. Kanabera tonak mozten zituzten bagoietan kargatzeko, dena eskuz. Beste batzuk frutak biltzen aritzen ziren, edota eraikuntzan lan egiten.
Elkartzen zirenean, garagardoa edaten, berriketan edo lagunekin dantzan izaten ziren. Euskal hizkuntza eta kultura bizirik mantendu dituzte, eta euskal dantza eta kirol taldeak eta elkarteak sortu zituzten.

Hori guztia ikus daiteke erakusketa hunkigarri honetan uztailaren 30a arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button