
BilbaoArtek Lurraldeak eta Mugak 2019: 10 urte dokumental garaikidearen orbitan udako ikastaroa jasoko du bihartik aurrera, eta Zinebiren lankidetza izango du. Ikastaroa hiru egunez luzatuko da, eta bertan, dokumentalgile ospetsuek eta Josetxo Cerdan Espainiako Filmotekaren zuzendariak hartuko dute parte.
Lurraldeak eta Mugak 2019: 10 urte dokumental garaikidearen orbitan ikastaroa zine garaikideari buruzko gogoetarako topaleku izan eta gogoetarako esparrua eskaini nahi du, eta horretaz gain, film dokumentalak ikusteko gune ere bilakatuko da.
Zinean ibilbide garrantzitsua duten hainbat profesional elkartuko dira: Apuntes para una película de atracos bere azken dokumentala (2019ko Goya sarietarako izendatua eta Bilboko Feroz 2019 Sarietan saritua) aurkeztuko duen Elias Leon Siminiani; Virginia Garcia del Pino, zuzendari ezaguna eta UABko Dokumentalaren Teoria eta Praktika Masterraren koordinatzailea; Elena Lopez Riera azken edizioan ZINEBI Jaialdiko Sari Nagusia irabazi zuen Los que desean film laburrarekin; Sra. Polaroiska Bilboko kolektiboa (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe) Yo bailo tu película, ¿bailas tú la mía? tailerra eskainiko du bihar arratsaldean; eta egitaraua, El archivo: la última frontera hitzaldia eskainiko duen Josetxo Cerdan Espainiako Filmotekaren egungo zuzendariaren eta Estibaliz Alonso eta Aintzane Pagadigorria EHUko irakasleen partaidetzarekin osatuko da.
Horretaz gain, ostiral arratsaldean El cine documental: siempre nos quedarán los márgenes izenburua izango duen mahai ingurua egingo da. Bertan gonbidatutako zuzendariek hartuko dute parte, eta Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariak eta Ruben Corral ZINEBIko aukeraketa batzordeko kideek moderatuko dute.



