ARTEA

San Telmo Museoan “Rosa Valverde. Arte kaxak” erakusketa abiatu dute

Rosa Valverde (Donostia, 1953-Azkaine, 2015) artistak mota ezberdinetako sorkuntza artistikoak  jorratu zituen bere ibilbidean: margolanak, marrazkiak, grabatuak, objektu-eskulturak… eta baita arte kaxak, azken hauek batez ere 2000. urtetik aurrera. Pieza horiek ikusgai izango dira Donostiako San Telmo museoan martxoaren 13ra arte. Erakusketa honen komisarioa Isabel Sagüés da.

Erakusketan aipaturiko egilearen 52 kaxa bildu dira guztira, 1975 eta 2012 bitartean sortutakoak. Horiekin batera, artistari buruzko bideo bat eta tamaina handian erreproduzitutako bi argazki ere ikus daitezke.

Kaxak hainbat objektuz osaturik daude, batzuetan objektu aurkituak dira, besteetan adiskideen opariak, eta bazar eta azoketan topatutakoak ere bai.
Hala dio Isabel Sagüések, erakusketaren komisarioak, katalogorako prestatutako testuan:
“Rosa Valverdek bere kaxei buruz (edo bere margolanei buruz) hitz egiten zuenean, obraren inguruko kontuak azaltzen zituen. Orokorrean, objektuetako baten jatorriari buruzko pasadizoak kontatzen zituen, edo, bestela, kaxa amaitu ostean hari buruz sorturiko istorioren bat azaltzen zuen. Ez zuen kontatzen zer adierazi nahi zuen kaxa zehatz baten bitartez, edo obrak zer “esanahi” zuen. Egiaz, bera ere ez zen gai esplikatzeko, edo ez zuen modu esplizituan azaldu nahi, izan ere, arrazionalaren eta irrazionalaren arteko muga lausotik abiatuta sortzen baitzituen bere kaxak. Emozioen, pasioen eta jarreren ondare zabalak elikatutako pultsioetatik abiatzen ziren kaxak, Valverderen lan guztiak bezala. (…)
Zoritxarrez, Rosa jada ez dago gure artean, eta ezin ditu azaldu erakusketa honetako kaxei buruzko istorioak. Baina, haren artxiboaren dokumentazioa aztertuz eta nire memoria oraindik freskora joz, saiatu nahiz kaxetako batzuk “janzten”, iruzkinen eta istorio txikien bitartez, ikusleari argi pixka bat emateko erakusketa honetan. “

Ikusi nahi dituzue autoerretratuak, paisaiak, manikiak, emakume-erretratuen kromoak, figura biluziak, bainulariak, itsas maskorrak, musuak, dantzariak, aktoreen eta bestelako pertsonaia ospetsuen erretratuak, erlikia-ontziak, arrosa naturalak zein artifizialak, sirenak, igelak, harriak, lumak, marrazkiak, ehun brodatuak eta era askotako figura apaingarri txikiak?
Hortaz, baduzue nora jo: San Telmo Museora.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button