IKUS-ENTZUN

Zinea jatorrizko bertsioan euskarazko azpitituluekin, Bilbaoarten

Bilboko arte zentroak Lehen astearteko hitzordua izenburuko zikloa ondu du, ikus-entzuleek zinea jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin ikus dezaten. Hala, martxotik abendura bitarte, hilabete bakoitzeko lehen asteartean, film bat pantailaratuko da. Egitaraua Filmazpit-ekin elkarlanean ondu dute.

Bihar bertan pantailaratuko dute lehen filma, Itzaletan egiten duguna (Jemaine Clement eta Taika Waititi, 2014, Zeelanda Berria), 19:00etatik aurrera.

Hau da filmaren sinopsia: “Viagok 379 urte ditu. Vladislavek, 862. Deaconek, 183 besterik ez. Baina Petyr, Petyr da nagusi: 8.000 urte! Lauak pisu batean bizi dira Wellingtonen, Zeelanda Berrian eta dokumental faltsu honen protagonistak dira. Filma etxe bateko eguneroko errutinak ekar ditzakeen arazoei buruz mintzo da, batez ere odol-xurgatzailea bazara eta azkarrenen, aberatsenen edo ondoen jantzitakoen artean ez bazaude (hau da, ez zara ez Louis ez Lestat). Gizagaixo batzuk besterik ez dira eta argi eta garbi erakusten dute zergatik beste izaki ikaragarri batzuk (zonbiak eta otsogizonak) gailentzen zaizkien pantailan eta ziberespazioan. Sundancen estreinatu zen eta “Anemikoa” dela uste dute batzuk, baina gehiengoak barre egin zuen. 44.234 like dituzte facebooken eta Vlad Paldoztatzailearen erretratu batek presiditzen du”.

Hauexek dira zikloaren baitan ikusi ahalko diren beste film batzuk: Papusza (Joanna Kos-Krauze, Krzysztof Krauze, 2013, Polonia), Eskerrik Asko, Ugazaba! (François Ruffin, 2015, Frantzia) edo Aintza (Kristina Grozeva eta Petar Valchanov, 2016, Bulgaria eta Greazia).

Informazio gehiago: bilbaoarte.org.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button