MUSIKA

Gontzal Mendibilen sentsibilitate poetikoz beteriko “Biok” lan berria kalean da

Sentsibilitate poetikoz beteriko disko berriarekin dator Gontzal Mendibil. Bere proposamen berriak publikoarekiko konexioa eta parte hartzea bilatu nahi ditu, hortik bere izenburua: Biok, ikus entzuleari erreferentzia egiten diona.

Euskal kulturaren eta euskararen zentzu matriarkala proposatzen du bere disko berrian, bere esanetan, “Aitaren etxetik Amaren Sua birpizterako garaian eta bide egokian gaude eta beraz, amaren sua berpiztu nahian nator”, azaldu du Zeanuriko kantariak. Hala, amatasunari, amari edota ugazamari (Ugazaba) erreferentzia  egiten dieten Amaren Sua, Ama Gorbeia, Agur Ama hiru kantu berri dakartza diskoan, Lauaxetak, bera hil zuten aurreko orduetan idatzitako poema musikatuak hain zuzen. “Hiru kantu horiekin, matriarkatua azaleratu eta keinu egiten diot”, gaineratu du kantariak.
Baina proposamen berriak  beste hamar kantu ere proposatzen ditu, barneko emozioetatik, sentimendu pertsonal eta kolektiboari dei egiten dietenak, “maitasunari eta biziari abestuz sortzen duen poetikari”.

Hala, Gontzalek berak idatzitako poemez gain, Bizitzen Ikastea (Bittor Kapanaga zenari, Bagare kantuaren egileari dedikatutakoa); Altxa Zu!, Altsasu!, Altsasuko gazteen aferari egindako kantu esanguratsua, edota Ainara Maia, Koldo Izagirre, Pako Aristi edota Karmele Jaioren poemak ere musikatu ditu. Lan berriarekin batera, Behin gertatu zen kantua jasotzen duen singlea ere kaleratu du arratiar abeslariak. Kantu hau ELA gaixotasuna dutenei laguntzeko egindakoa da, gaixotasun terminal hori bistaratzeko keinua bat.

Gainera, diskoarekin batera, Bittor Kapanaga Otxandioko pentsalariaren pentsamendua jasotzen duen liburua ere aurkeztu zuen zeanuriztarra: Bittor eta Biok.  Bertan, euskal kulturako erreferentea den Kapanagaren figura ekartzen du gogora, bere izaera eta bizia. Izan ere, diskoan Bittor Kapanaga eta amaren sua aipatu eta goraipatzen ditu Amaren sua,  Ama Gorbeia eta Ama agur kantuekin, eta saiakera liburuan Kapanagarekin solasean ari da kantaria, fikzio sinesgarri batean. Liburuaren hitzaurrea, Joseba Sarrionaindiak egin du.

Azaroaren 3an eta Arriaga Antzokian, emozioz kargatutako kontzertu berezian aurkeztuko du bere lan berria Arratiako kantariak.  Hiru musikarirekin batera, formatu xume eta soila aukeratu du oraingoa baina hala ere, gogotsu dator bere lan berriarekin, kantuan lehen aldiz oholtzaratu zenetik, 45 urte igaro badira ere.

Informazio osoa duzue Arriaga Antzokiak duen web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button