MUSIKA

Belarmiñak, Joxi Ubeda eta Iker Lopez musikarien egitasmoa

Entzun.com webguneak bidalitako buletinean jasotzen denez, Joxi Ubedak (Tortura Sitematika) eta Iker Lopezek (Lobo Electrico taldeko gitarra jolea) Belarmiñak izeneko proiektua abiatu dute; apirilaren 19an egingo dute zuzeneko aurkezpena Ibarran (Gipuzkoa), Subegi elkartean, hain zuzen.

Joxik gitarra akustikoa jotzen du, eta Ikerrek, berriz, elektrikoa, efektuak eta bestelako apaindurak sartuz. Joxiren hitzetan, “ez dakit zer esan, kantu gehienak lasaiak dira, baxu-apal-leun jota eta kantatuta, eta Ikerrek efektuak, giroak, marrazkiak eta horrelako gauzak egiten ditu gitarrarekin. Nik kantatu eta gitarra akustikoa jotzen dut, eta Ikerrek gitarra elektrikoa jo ez ezik, koroak egiten ditu”.

Udazkenean hasi ziren bi musikariak astero biltzen, eta laster, apirilaren 19an, Ibarran egingo dute estreinako kontzertua: “Egia esan, jendaurrean egingo dugun entsegu bat izango da, horrelako zerbait. Jendaurrean jotzeko gogoa daukagu jadanik, kantuak beste modu batean ikusten baitira entsegu-lokalean jotzen, edo jendaurrean jotzen”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button