ESZENA

Asteburu honetan, “Magia Hurbiletik” jaialdia Bilbon

Magia Hurbiletik jaialdia Bilboko La Fundicion aretoan egingo da otsailaren 23an, 24a eta 25ean. Ekimenaren helburua “Euskadiko arte eszenikoen karteldegian dagoen hutsunea betetzen jarraitzea: helduentzako ilusionismoarena”.

Aurtengo Magia Hurbiletik edizioan hiru ikuskizun programatu dira: Tor eta Txoborroren Aztikeriak izenekoa; Jaime Figueroaren Hablar entre dientes; eta Miguel Angel Gearen Mensajes saioa.

Lehen saioa euskaraz izango da, izan ere, Tor eta Txoborro mago euskaldunak dira. Beren Aztikeriak ikuskizuna kutsu klasikoko areto-magia proposamena da, familia osoarentzat pentsatua. Ikuskizunean karta-jokoak, igarkizunak, desagerpenak, ihes-nahia eta lebitazio-saio bat ere izango dira ikusgai. Otsailaren 23an izango da, ostiralez, 19:00etan.
Hurrengo egunean, otsailaren 24an, larunbatez, Jaime Figueroa madrildarraren txanda izango da. Figueroa magoa eta bentrilokuoa da, eta diziplina hori bere muntaketetan ere barneratzen du. Oraingo honetan, Hablar entre dientes ikuskizuna aurkeztuko du.
Azken egunean, Miguel Angel Gea andaluziarra arituko da. Mensajes ikuskizunak karta eta txanponekin egindako magia du ardatz.

Ohikoa den bezala, edizio honetan ere jarduera paraleloak programatu dira profesional zein zaletuentzat, eta tailerrak eta hitzaldiak ere egongo dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button