
Maiatzaren 14tik 17ra, Pasaia Itsas Festibala egingo da, itsas kulturaz, ondarez, musikaz, gastronomiaz, artisautzaz eta dibulgazioz gozatzeko tartea eskaintzeko. Bi urtetik behin, “itsas kultur ondareaz gozatzeko parada izaten dute Pasaiara hurbiltzen direnek, eta Euskal Herriko historiaren beste ikuspegi bat eskaintzen du”.
Festibalaren egitarauak askotariko jarduerak bilduko ditu: bisitak itsasontzietara, lanbide tradizionalen erakustaldiak, musika, dantza, antzerkia, gastronomia edo erakusketak.
Musikaren esparruan hainbat kontzertu antolatu dira: Pedro Pastor kantautorea, eduki sozial handiko proposamena duena, eta Bele, Lide Hernando abeslari donostiarraren bakarkako proiektua. Biek maiatzaren 14ean jardungo dute. Musikarekin jarraituz, Nakany Kante artista ginearrak musika tradizionala eskainiko du eta Eskorzo granadar taldeak eta Amparanoia Amparo Sánchez madrildarra buru duen bandak ere kontzertua eskainiko dute. Femm Vocal Jazz, Kattalin eta Nenufarrak, Ilunbe Akordeoi Orkestra, Arando Txiki Abesbatza, edo Iruña Jazz Brass Band izango dira bertako oholtzatik pasatuko diren beste talde batzuk.
Horiez gain, “festibalaren egunetan etengabe izango dira bestelako musika-ekitaldiak, kale-animazioa eta jai-giroa nonahi. Pasaia Itsas Festibalak tokiko hainbat eragileren parte-hartzea izango du, hala nola trikitilariena, bertsolariena, abesbatza eta dantza-taldeena”. Aipamen berezia ere merezi du bertso saioak: San Juanetik lehorrera. Amets Arzallus, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze arituko dira Jon Maiaren agindupean.
Pasaia Itsas Festibalaren egitaraua osoa, hemen.



