EMAKUMEAIKUS-ENTZUN

Askatasunaren eta transgresioaren esanahia aztergai, “Zinemakumeak Gara!” jaialdian

Gaur goizean burutu da Zinemakumeak Gara! jaialdiaren programazioa azaltzeko egin den prentsaurrekoa. Aurtengo jaialdiak, urriaren 18tik 29ra bitartean egingo denak, askatasun eta transgresioaren esanahian sakonduko du. Ekimenak, beti egin duen bezala, emakumeek zuzendutako zinema agerian jarriko du beste behin, patriarkatuaren norma transgreditzeko, eta kontzientzia kolektiboa berkonfiguratzeko.

Aurten, Zinemakumeak gara! jaialdiaren 26. edizioa da, eta makina bat film pantailaratuko ditu BBK Aretoan, BilbaoArten, Azkuna Zentroko Auditorioan, Golem Alhondiga zinemetan, Campos Elíseos Antzokiko Kupula Aretoan eta Azkuna Zentroko Auditorioan.

Urriaren 18an abiatuko da zikloa Laura Sam poetak Arde la palabra ikuskizunarekin. Inaugurazio honen barruan ere Gabriela Vidal eta Ines María Barrionuevo zuzendari argentinarren Las motitos filmaren emanaldia antolatu da.

Hurrengo egunean eta 21era arte, BilbaoArtek Larisa Shepitkoren gaineko atzera begirako ziklo bat egingo du Neguko eguzkia izenburupean. Zikloak zuzendari ukrainarraren lanak pantailaratuko ditu eta proiekzio horiez gain, Neus Sabate ikertzaileak haren obrari buruzko ponentzia bat egingo du.

Urriaren 25ean, Azkuna Zentroko Auditorioan 26. edizio honetako Simone de Beauvoir Saria emango zaio Lola Salvador Maldonado idazle eta gidoilariari. Jardunaldia amaitzeko, Pilar Miroren El crimen de Cuenca proiektatuko da.
Urriaren 26an, asteartean, Golem Alhóndiga zinema-aretoetan, Suzanne Lindon zuzendari frantsesaren Spring Blossom opera prima bikaina proiektatuko da. Hurrengo egunean, urriaren 27an, Ainhoa Rodriguezen Destello Bravío (Malagako 2021 Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia) opera primaren estreinaldia egingo da jaialdian.
Urriaren 28an, Campos Eliseos Antzokiko Cúpula Aretoan bi saio egingo dira: Rosa Maria Rodriguez Magda idazle eta filosofoak hitzaldia emango du (Gaiztoak, gogaikarriak edo arau-hausleak. Feminismoaren laugarren olatua” / Malvadas, molestas o transgesoras. La cuarta ola del feminismo) eta Ayten Amin zuzendari egiptoarraren Souad filmaren estreinaldia ere antolatu da.

Azkenik, urriaren 29an, Golem Alhóndiga zinema-aretoetan, Clara Roquet zuzendari bartzelonarraren Libertad filma pantailaratuko da.

Zinemakumeak gara! programazioaren zati batek ere Basauri, Erandio, Portugalete, Zalla eta Mungia bisitatuko ditu datozen asteetan.

Informazio gehigarria eta jaialdiak aurkeztu duen irudia, Ane Pikazak egina, Zinemakumeak Gara! jaialdiaren webgunean kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button