
Arte eszenikoei buruzko ziklo berezia egingo da ekainaren 3etik 17ra, Bartzelonako Euskal Etxean. Bigarren urtez antolatu du elkarteak ziklo hau. Emanaldi gehienak katalanez izango dira, baina tartean euskaraz eta gaztelaniaz ere egingo dute ekitaldi pare bat; ekainaren 3an ikusgai izango den Joanen ilargia antzezlana kasu. Teatre Nu taldea kataluniarra da baina euskaraz egingo du Joanen ilargia. Euskal Herrian dezente ibiliak dira eta testua euskaraz buruz ikasi dute.
Arte eszenikoen zikloa, hain zuzen, obra honek irekiko du, ekainaren 3an. Ekainaren 4ean Les amants de Picasso antzezlana taularatuko du Capficats En Femení taldeak, eta ekainaren 8an eta 15ean, antzerki tailerra egingo da euskal etxean La Trama Produccions taldearekin. Ekainaren 10ean Divorciadas lana ekarriko du Abrapalabra Teatro konpainiak, eta hurrengo egunean, 11n, La Tagarnina Joc Cultural taldeak Vivencias lorquianas errezitala egingo du. Bukatzeko, ekainaren 17an, Capficats taldeak La gènesi del Gernika aurkeztuko du katalanez.