
Euskadiko Orkestrak (EO) Musika Gelaren denboraldi berria aurkeztu zuen atzo. Ziklo horren baitan Hezkuntza Departamentuak diseinatutako jarduera guztiak daude, hala nola, Eskola-haurrentzako Jarduerak edo Musika Familian. Guztiak, haurrei zuzendutako ekintzak dira, musika klasikoa haurrei gerturatzeko xedearekin.
Hala, denboraldi honetan guztira 30 kontzertu inguru egingo ditu EO-k Musika Gelan. Iaz, 7.500 haur baino gehiago bildu zituzten.
Hasteko, bihar, hilak 4, Musika Familian programaren barruan, Donostiako Kursaaleko ganbera aretoan eta etzi, Gasteizko Principal Antzokian Euskadiko Orkestra Sinfonikoko ganbera talde batek eta Per Poc txotxongilo konpainiak Soldadu baten istorioa emanaldia egingo dute. Per Poc konpainiako Santi Arnalek sortu eta zuzendutako txotxongilo eta itzalak, eta Orkestrako musikariek Stravinskyren obraren moldaketa eskainiko dituzte.
Kontzertu hauen aurretik Sentsibilizazio Tailerra izango da. Tailer hori entzute aktiboa indartzeko asmoz ondu dute.
Musika klasikoa eta haurrak lotzen dituen ekimen interesgarri honen xehetasun guztiak EO-ren webgunean jasotzen dira.



