
Dejabu Panpin Laborategiaren Gure bide galduak antzezlana ikusi ahalko da asteburuan, urriaren 8an eta 9an, hain zuzen ere, Donostiako Lugaritz Kultur Etxean.
Franco hil ondorengo lehen urteetan gertatzen da istorioa. Baserri girotik hirira irakasle-ikasketak egitera doan Katalin protagonista nagusiaren hausnarketak dira obraren oinarri. Hala, Katalinek ikastolen mugimendua ezagutuko du hirian, eta horrekin batera mundu berri bat.
Urko Redondo, Miren Alkala, Maria Alonso, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga dira antzezleak. Bost aktore horiek antzerkia jolas bilakatuko dute eta ikus-entzuleekin partekatuko dute.
Dejabu panpin laborategiaren webgunean jasotzen denez, gaur egungo antzerkia sortzeko jaio zen taldea, “gure errealitate hurbileneko gaiei buruz hausnartzeko eta lengoaia berriak aurkitzeko. Txotxongiloek eta objektuek gure antzezlanetan aktorearen mailako garrantzia hartzen dute maiz, haiei esker gure bilaketa sorpresaz betetzen baita beti”.