ESZENA

Araua jarraitzen ez duten gorputzak

Gasteizeko Principal Antzokiak Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? izeneko lana eskainiko du aste honetan, hilka 4, 19:00etan hasita.

Pabellon 6ko Gazte Konpainiarena da Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? lana. Antzezlan horren gakoak dira gorputz arraroak, biolentzia, emakumeak edo gizonak, eta pertsona bakoitzak izan nahi duena. Gai horiek ikertzen eta sakontzen ditu obra horrek.

Borja Ruizek zuzendu duen antzezlanaren korapiloa honakoa duzue: Ana Garcia bilbotarra hilik eta bortxatua agertu da Vinaroseko zabortegi batean. Bertan ematen zituen oporrak, eta kuadrillako lagunek beren buruari galdetzen diote merezi ote duen auzia publiko egitea, biktimarekiko errespetua kontuan izanda. Beren buruari galdetzen diote ez ote den alferrik izango. “Ikerketa honetatik abiatuko gara gorputz hutsalen kontrako indarkeriaz hitz egiteko: alegia, emakumeen, umeen, transexualen eta abarren kontrako indarkeriaz”.

Bertan ere, araua jarraitzen ez duten gorputzak agertuko dira, eta biolentzia jasaten duten pertsona arraroak ere bai. Norenak dira, bada? Emakumeen, intersexualen, transexualen, cross-dresser-en, plumadun gizonen, eta abarren gorputzak dira.

Amaitzeko beste hausnarketa bat: “Nolabait, sexuarekin guztiz ezberdina den dibertsitate sexualarekin lotuta dago. Generoa kulturala kontsideratzen da, sexua ordea biologikoa. Jaiotzerakoan, kulturalki sexu deitzen den gorputz batekin jaiotzen gara, baina inor ez da neska edo mutil jaiotzen. Genero bat ezartzen digute eta gu ezarritakoarekin identifikatuak sentitzen gara (edo ez).”

Ikusgarriari eta gai horietako arazoak gorpuztuko dituzten aktoreak honakoak dituzue: Ainhoa Artetxe Uriarte, Nagore Cenizo-Arroyo, Graciela Doniz, Itxaso Gil, Jontxu Martinez Zarrabeitia, Aritz Mendiola, Leire Ormazabal, Pelayo Serrano eta Aitor Vildosola.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button