EZLEKUBAT

“Autokarabana”, eguzki galdatan irakurtzeko eleberria

Fermin Etxegoienen Autokarabana irakurtzeko astia izan dut, eta  zenbat disfrutau dudan! Pozgarria da konturatzea  badela errealitatearen ikuspuntu pertsonalak zenbat eman lezakeen  konturatzen denik. Berez literatura ez da kontatzeko modu bat baizik, errealitatea geureganatzeko era bat baino ez, eta Fermin Etxegoienek Autokarabanarekin hori lortzen duelakoan nago.

Liburua irakurtzen hasi eta ez nintzen bat-batean murgildu, adineko gazte bat bere bikotearekin separatuta  bizitzari aurre egin beharrean… bueno,  baina momentu batean honako definizio zitalarekin aurkitu nintzen: “(Autokarabana) erostea proposatu nion emazteari eta berak barre egin zidan aurpegira. Kezkagarriena zen algara etsi hartan mesprezua eta errukia nahasten zirela. Mesprezua  nirekiko eta errukia berekiko” Bat-batean, konturatu nintzen ikuspuntuaren sakontasunaz, zelan errealitatea  barne saminaren isla baino ez zen. Baina errealitatea interpretatze  honek pertsonaiak bizitakoaren araberakoa zela argi zegoen,  onerako zein txarrerako egunerokotasunari zelan aurre egin egoeraren morroi izan barik, denoi pasatzen zaigun moduan.

Hasierako orri horietan Bilbo agertzen zaigu, eta bere ibilbide pertsonalaren berri ematen digu, “Putrearen Kobratzaile” enpresan eginiko lana erreferentzia hartuta. Azken batean denok ez dugu lehenbiziko lanen bat, gure nortasuna eta egiteko eraren berri ematen duena? Ni baietzean nago, beharrean hasi zen hiri horretan sustraitzeko ahalegina egin zuen: herrikide gehienentzat Bilbo deslekua zelako orduan eta orain, eta distantzia hartze horrek bere ikuspuntua zorroztuko du, inguruaz askoz ere kritikoagoa azalduz. Bilbora ezkondu eta herrira bueltatu beharra izan zuen banatutako aita gazte baten peripezietan oinarritzen da liburua, hiri handia deslekua bada, protagonista bera ere bere lekua ezin bilatuta dabil, betiko gizon gazte izatearen pribilegioari ezin eutsita.

Hasierako aurkezpenen gaiztotik, bere alabarekin Gabonak pasatzera doan aita banatu baten ahotzaz aurkitzen gara. Momentu kritikoa bizitzen ari den ahotsaz, horregatik, dena bere kontra dagoelako, ahalegintzen da errealitatea bere nahietara moldatzen. Zelan bestela, ba? Horixe bera da guztiok nahi duguna, baina gure protagonista bereziki azkarra denez, ingurua inplikatzen du biktimismo zuriketan: gurasoak, lankidea, neskalaguna… Jim Thompsonen 1280 arima liburuko txerifaren ahotsa etorri zait gogora liburua leitzean, ze errealitatearen zurrunbiloak noraezean darabilen pertsonaia batetik, konturatzen gara konfliktoak protagonista berak probokatzen dituela bere nahiak asetzeko. Maisutasuna kontatzeko eran dago, ahots narratiboan, eta Goietxenek ironiaz, bigarren zentzuak maisuki erabiliz, errealitatea sufritu eta bereganatu nahi duen  berrogei urteko lagun baten erretratu ahaztezina eskaintzen digu.

Berekoia izaki, protagonista bere obsesioek ezin dominatuta dabil: erretzearena, bidaiak harat eta honat herria beti zentroa dela, baina nork ez du identifikatzen gaituen obsesiorik? Ez da erreza bizitzari aurre egitea bikoteak paretaren kontra burua joz etsipenetik askatu nahi badu, ez horixe; hala ere gure protagonista erredun sentitzen da, bere gizon eskubideak bikotearen gainetik jarri zuelako: eguneroko gauza txikietan, gehien- gehienetan emazteak baino adore gramo bat gutxiago jartzen nuelako.

Duen egoera gutxi balitz, Gabonetan beste arazo bat du, berriro ere banaketari aurre egin beharko dio, ze bere bikote gaztea, berarekin enpresa berean lan egiten duen euskara teknikaria, urrundu zaio betiko eta gure laguna sexu grina ezin asetuta dabil noraezean .

Beraz, ikuspuntu horretatik, diskonformidade, haserre eta ironia horietatik sortzen da errelitateari aurre egiteko modu pertsonala; beti ere ausarta, inoiz amore emateko prest ez dagoena, eta aldi berean hizkuntza erabilera aproposa. Benetan pozgarria da baturantza norbere barne ahoskeratik abiatzea, ze kontakizuna darabilen hizkuntzari esker indartzen da euskara hizkuntza bizia dela erakutsiz, egunero erabiltzen dugun komunikazio tresna ezelako garbizaletasun konplexurik barik: Erantzun-erantzun, atzera ere erantzungailua, hizkuntza halako trebesiarekin manejatzea   benetan txalogarria da. 

Beste alde batetik, protagonistak errealitateari kritiko begiratzen dio, a zer nolako gozada izaten zen  aurogeiko hamarkadan zurito batzuk edatea Gasteizko alde zaharrean. Herrian Gabonetan alabarekin, Irantzuren galera eta ondoren krisia esparru guztietan, ze Aldasorok ez du lana ere ziurtatua. Kooperatibismoaz ere nahiko kritiko agertu arren, nabari da harrotasuna herrian denak ongi bizi direlako eta euren izaerarekin bat datorren proiektuak ongi izatean bizitzeko aukera eman dielako, kritikoa da, baina onurak onartuta. Esan liteke familia nahiz lagun arteko harremana ezinbestekotzat jotzen direla liburuan, azken batean  gure egunerokotasuna besteekiko dugun harremanetan gorpuzten da, pertsonalki berezkotasuna modu naturalean inolako imintziorik barik,  lotsarik barik azaltzea gustatzen zaio Aldasorori: Luz herriko giroa, euskaldunez betea, espero baino askoz atseginagoa suertatu zitzaidan, bertan ez nituelako inondik inora antzeman munduaren aurrean euskaldun agertzeaz momentu oro harro nabarmentzen diren koadrila meta-euskaldun kantsagarriak

Beste aurkikuntza nabarmena zeharkako estiloa zelan darabilen da, tarteka estilo zuzenarekin nahastuz: Modu diskretuan ari zitzaidan Koldo. Ohi ez bezala, ahotsa ia altxatu gabe. Ez da ergela eta Ondo daki autobusean behin joateagatik ezin duela bere burua nabarmendu autobusa egunero hartzen duten langile gutxi horien aurrean.

Bestalde, intimitatea modu natural baten azaltzeak, batez ere pekatutxoak, pornografiara jotzea, behin eta berriro masturbatzea, adineko emakume batekin txortan egitea, eredu izatetik at, gehiengoak ditugun gabezi pertsonalen berri ematera ausartzen da: Internet saioa etxean eta tabakoz. Esku batekin masturbatu eta bestearekin erre. Isuri aurretik, hiru zigarro. Ostean laugarrena. Paretaren zuritasunean galdu naiz.`Pertsonalki jausi hau inportantea da, ze sarri literatura arketipo heroikoen eskaparate hutsa da, kontakizunak berezko balioez kanpo propaganda eredugarria derrigorrez eduki beharko balu bezala gehiengo batek onartzeko, hau da, politikoki korrektoa izan behar da: Emakume helduaren gorputz eroriak hainbat gune propio estaltzen ditu eta bertan izerdia pilatzen da, adibidez titi mardulen azpian. Nire eskuekin titiak behetik gora altxatzean izerdia askatu dut, zabal dadin egongelako espazioan.

Parrafoaren egituraketak ere harritu nau, ze garapen laburreko da, arina testua zizelkatzean, ahozkotasunean oinarritua, horrek ikuspuntuari, errealitatea interpretatzeari halako arintasuna emoten dio, beti ere alperriko diskurtso kaoitikoa alboratuz. Bakar hizketa ez da metatzen alperriko berba nekagarrietara, ze AldasoroK bizimoduri gogor eusten dio, ez dago nekatua, gogaitua, deprimitua, bere momentu txarrak izan arren saiatzen da bizitzari ahalik  eta onena ateratzen, hortik ironia, manipulazioa eta traiziorako joera: Ez dadila guztiz larria izan, bakarrik lagunak erakusten duen seguritatea kolokan jartzeko beste. Horregatik diogu-eta inbidia lagunari, erakusten duen seguritateagatik,

Arintasun honek irudi poetiko bitxiak eta erakargarriak sortzen ditu: Olatzek kontu sekretuak xuxurlatzen dizkio Itsasori belarrira, a zein ongi kokaturik daramaten bien arteko antz apurra begitartean. Seguruenik unikornio femeninoaren arrazakoak dira eta bakarrik daudenean adarra atera eta elkarri ferekatzen diote.

Liburuko orrialdeetan pentsamenduen uztarketak alegoría zentzua hartzen du pentsamenduak nortasunaren indarra nabarmenduz: Ez, gizon arruntok lehenago hondoratu ginelako handinahiaren putzuan eta orain beste norbaitek eraman beharko ditu gure emakumeak portu onera. Nork egin dezake? Emakumeen karabanak gidatzeko beharrezkoak izaten dira supergizonak. Bestela eunukoak.

Azkenean protagonistaren inguruan sorturiko harremanen sareak interes konfliktoa bizi du, lantoki barruko lehiak berak irtenbide bat aurkitu behar du, egoerak ezin du luzaroko iraun. Narrazioan ildo desberdinak: lagun minarekiko harremana, sexu grinak jotako obsesio galgarria, eta ibilbide profesionalen inguruko lehia boterea eskuratzeko ongi bideratzen dira. Aldasorok mehatxua erabiltzen du epe laburrean komeni zaiolako, baina eginikoak faktura pasatuko dio, ze arauk guztiak apurtzen ditu  bere pasioa asetzeko. Behin lortuta berdin zaio, ze denborak atzera ezin du egin, berriro aita izateko beranduegi da, horregatik autokarabana berri bat erosi beharrean zaharrak aparkatzen arituko da aurrerantzean. Autokarabana eleberriaren irakurketa entretenigarri eta freskua da, zer gehiago eskatu leike liburu bati eguzki galdatan irakurtzeko?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button