MUSIKA

Arabako Antzinako Musikaren Astea

Irailaren 12tik 21era egingo da Arabako Foru Aldundiko Kultura departamentuak antolatutako Arabako Antzinako Musikaren Astea jaialdiaren 43. edizioa. Programazio zabala Arabako geografian zehar hedatuko da, eta tartean, Atauri, Andetxa eta Erriberabeiti herriak bisitatuko ditu.

Hamar egunez, Santa Maria katedralean, Jesus Guridi kontserbatorioan eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxean eta Arabako hainbat herritan, Arabako Antzinako Musikaren 43. Asteak dakarren musikarekin gozatzeko abagunea egongo da, izan ere, tailerrekin, txangoekin eta proposamen didaktikoekin, familia-formatuekin eta ekintza pedagogikoekin programa ederra atondu baita.

Edizio honek “moldeak hausten ditu, formatu berritzaileak txertatuz; besteak beste, zuzenean grabatuko da El Vomitorio podcasta, Mario Marzo piano-jotzaile eta aktoreak eta Nacho Castellanos kontratenoreak zuzenduta. Proposamen horrek musika, umorea eta dibulgazioa batuko ditu”

Musikari gazteen aldeko apustua ere indartu da, eta  Jesus Guridi Kontserbatorioan aritzen direnek programan parte hartuko dute, “talentudun gure musikari gazteei programazio eta eszenatoki profesional berrietan parte hartzeko aukera emanez”.

Aurten programazioak Forma Antiqva, Zapico anaiak, Jone Martínez eta Il Fervore, Cantoría eta Tamar Lalok eta Ignacio Prego bilduko ditu.

Hortaz, antzinako musika ahalik eta jende gehienarengana eramateko helburuz, irailean, Arabako Antzinako Musikaren Astea izango duzue.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button