
Ekainaren 26ra bitartean Press Play! kultura eta musika zikloaren hirugarren edizioa egingo da Iruñean. Ekimenaren barruan, eta Lurraldea ardatz hartuta, musika-dokumentalak, online ikastaro bat Tuterako UHUNean, soinu-lurraldeei, memoriari eta identitateei buruz, ilustrazioko eta musika lantegiak, eta Ziudadelan egingo den Kleos programa bilduko dira.
Kleos lantegi-laborategi bat da, “non lorategi diskografiko bat sortuko baita Ziudadelako inguruneko beste espezieekin sintonizatzeko”. Berez, kulturaren eta naturaren artean elkarrizketa berriak ezartzeko ahalegina da. Edizio honetan “musiken, lurraldeen eta gizartearen arteko harremanari helduko zaio.”
Ekimen interesgarria hiru egunez (ekainaren 23, 24, eta 25ean) garatuko da, eta “parte-hartzaileek parkeko landareei lotutako oroimenen, oroitzapenen eta musiken zatiak aztertuko dituzte, kontakizun anitza eta askotarikoa sortuz”. Azken egunean, ekainaren 26an, Arma Aretoan, jendaurrean aurkeztuko dira emaitzak, eta ondoren paseo musikal bat izango da Ziudadelan. Proiektuaren emaitzak Kleos webgunean egongo dira ikusgai.