ARTEA

Angel Bados eskultorearen lan berriak, Madrilen

Angel Bados (Olazagutia 1945) artistak bere lanak paratu ditu Madrilgo Moises Perez de Albeniz galerian. Guztira 17 eskultura berri jarri ditu ikusgai Badosek Madrilen. Lanok hainbat materialekin eginda daude: zura, kartoia, harriak, alfonbrak, ehunak eta kristala.

Badosek Euskal Eskultura Berria izeneko mugimendua sustatu zuen 80ko urteetan Txomin Badiola, Juan Luis Moraza, Marisa Fernandez eta Pello Irazu artistekin, besteak beste. Artista horiek Bilbon ezagutu zuten elkar, eta Euskal Herriko eskultura berritu zuten, beti ere, bertoko testuingurutik eta ezaugarrietatik abiatuta. Nabarmentzeko ere bada, Badosek Badiolarekin batera 90eko hamarkadan Donostiako Arteleku zentroan eman zituzten eskultura klaseak. Izan ere, klase horietan Euskal Herriko hainbat artistek parte hartu zuten, hala nola, José Ramon Amondarain, Jon Mikel Euba eta Ana Laura Aláez.

Txomin Badiola artistaren esanetan, “Angelek Artean sinesten du, denboraren eta espazioaren bitartez eramaten den immanentzian sinesten du, zeina bereizgarria den bere obretan, bere osaeran, bere sendotasunean”. Badosen erreferentzia azpimarragarrienak Joseph Beuys eta Jorge Oteiza artisten jarrera, pentsamendua eta obra izan dira.

Olazagutiarrak duela 15 urte egin zuen bere azken banakako erakusketa. Harrezkeroztik, lanean jardun du. Tarte luze horretan burututako 17 lan Madrilen daude ikusgai 2013ko azaroaren 9ra arte.

Moises Perez de Albeniz galeriak bidalitako oharrean jasotzen denez, “Angelentzat artea fede kontua da, garrantzia handiko zerbait, eraiki egiten duena, gizartearentzat erabilgarria dena, eta, era berean, presentzia erreala eta iraunkorra duena”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.