IKUS-ENTZUN

“Ana de Día” filma pantailaratuko du Kresala zineklubak

Andrea Jaurrieta zinegile nafarrak Zuzendari Berri Onenaren saria jaso du oraintsu burututako Goya sarietan Ana de Día (2018) bere lehendabiziko film luzean egindako zuzendari lanagatik. Bada, pelikula hori gaur bertan aurkeztuko du Donostiako Kresala zineklubak Trueba aretoetan, 19:30etik aurrera. Filmak, halaber, Toulouseko Cinespaña zinemaldian aipamen berezia jaso du.

Jaurrieta berak aurkeztuko du emanaldia, eta Kresala zineklubaren arabera, “seguru gaude proiekzio osteko solasaldia interesgarria izango dela”. Ingrid Garcia Jonsson aktoreak antzeztua, filma gizakiaren dualtasunaren inguruko lan artegagarria da. Horrekin batera, identitatearen kontzeptua ere jorratzen du.

Hauxe kontatzen du filmak: “Ana erdi mailako klaseko familia tradizional batean hezitako neska zintzo bat da. Bere doktoretza bukatzekotan dago, ondoren enpresa batean lanean hasi eta ezkontzeko prest, baina ez da errealizatuta sentitzen. Egun batean, bere berdina den pertsona bat existitzen dela ikusiko du, bere betebehar eta erantzukizun guztiak betetzen dituena. Ana bere berezko identitatearen bila abiatuko da orduan, bere bizitza “normala” atzean utziz. Bere bizitzan lehenengoz, guztiz aske dela konturatuko da, Ana bere anonimatu berriaz gozatzen hasiko da, bere mugak proban jartzen eta Madrilgo kabareten gauetan murgilduz, bere bizitzaren zentzua bilatzen”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button