EZLEKUBAT

Ane Zabala: “Sormen eta prestaketa lan hori ikaragarri gustukoa dugu”

Ane Zabala eta Galder Perez aktoreek osatzen duten Gilkitxaro antzerkiak, Adarretatik Zintzilik lana eskaintzen ari dira Euskal Herrian zehar. Adarretatik Zintzilik komedia sentimentala eta kronika nostalgikoa da. 40 urte betetzeak dakarren krisialdi sakonean daude bere protagonistak. “Senar-emazterik ez, seme-alabarik ez, autorik ez, hipotekarik ez… Mundu honetakoak dira ala adarretatik zintzilik bizi dira? “

Obra honetaz, eta orokorrean euskal eszenaz hitz egiteko parada izan dugu Ane Zabalerekin.

Adarretatik zintzilik da zuen azken produkzioa. Zertan da?

Adarretatik Zintzilik antzezlana komeria nostalgikoa da. 1975. urtean jaiotako lagun biren komeriak dakartza antzezlan berriak.  40 urte betetzeak suposatzen duen krisialdi sakona. Ume ginela, 80ko hamarkada Euskal Herria eta bere momentu potenteak bete-betean pairatu genituen. 90eko hamarkadan gaztetu ginen eta 2000 efektuari aurre egitea lortu genuen. Gaztetan jogurt potoak hari batekin lotuta lagunekin berba egiten genuen  eta, gaur egun, sare sozialetan galdu egiten gara. Taula gainean 40 urte bete berri duten pertsonaia bi krisian bizi dira. Senar-emazterik ez, seme-alabarik ez, autorik ez, hipotekarik ez… Gure ereduarentzat alferrikako berrogei urte dira. Bizitza parodia dela pentsatzea nahiago dugu. Horregatik, lehenengoz Galderrek eta biok elkarrekin idatzi dugu taula gainera eramateko testua, elkarrekin egindako bidea zein izan den interpretatu eta parodiatzeko edo, beharbada, inoiz baino gehiago elkarrekin bidaiatzen jarraitzeko gogoa dugulako.  

Nondik sortzen da eszena lan bat egiteko ideia, eta nolakoa da oholtza gainean gauzaturik ikusten den arteko prozesua?

Zaila da jakitea ideia noiz eta nola sortzen den, normalean buruan dabilen zerbait da, kontura eman barik horrekin bizitzen ari zara, horren gainean hausnartzen, lan bat bideratzen, azken finean. Kontzienteki lantzen hasten zarenean forma hartzen doa edo ez, zakarrontzian buka daiteke. Gerta daiteke ideia ederra izatea, baina ezin asmatu nola eszenaratu…  Edozer gerta daiteke. Baina ederra da, hasieran esandakoa, prozesu hori guztia ia konturatu gabe sortzen eta mamitzen joatea, berez bizitza doan bezala, horri heltzea eta ziztu bizian aurrera egitea. Sormen eta prestaketa lan hori ikaragarri gustukoa dugu, erakusten bezain beste disfrutatzen dugu eraikitzen. Prozesu hau oso azkarra eta naturala izan da, digeritze on bat bezala. 

Batzuetan eszena oso pasio nekagarria dela ematen du: entseguak, bidaiak, adierazpenak, eszena bera…

Egia da, norberaren aldetik asko eskatzen duela, dena eman beharra baitago. Guk gure gorputza, ahotsa eta arimarekin jolasten dugu, hori eskaintzen diogu publikoari eta batzuetan nekagarria izan daiteke. Egia ere bada ordu asko ematen dela errepidean. Askotan arrazoi ezberdin pilagatik etsipenak jota bizi behar dugula eta egia ere bada ogibide moduan guztiz ezengokorra dela. Baina egiarik potoloena pasioz egiten den zerbait dela, eta horri eskaintzen dizkiogula gure barreneko gauza potoloak, baina askoz potolo eta ederragoa da bueltan jasotzen duguna.

Gilkitxaro antzerkiak umorearen aldeko apustua egin du beti. Zer dela eta? Bizitzarekiko jarrera ere bada?

Txikitatik nahiago izan dut komeria, nahiz eta bizitza tragikomedia bat den. Beti gogoko izan dugu publikoarengandik gertu egotea, laugarren paretarik gabe eta barre egin eraztea ikaragarrizko plazera da. Hor dago antzerkiaren jolasa. Berrogei urte hauetan zerbait ikasi dugu: irribarrea jarri eta ken daitekeela, malkoak jarri eta kentzekoak izan daitezkeen bezala. Ez da berdina bizitza arrosa kolorekoa edo beltza ikustea. Aukeran ortzadarrarekin geratzen gara.

Bikote gisan agertu zarete beti Galder eta zu. Ez duzue talde handiago baten beharra sentitu?

Taula gainean gu agertzen gara, baina taldean badira kide gehiago. Bakarrik ezingo genuke hau dena aurrera atera. Ezinbestean, inguruan, antzerkia maite eta gurekin batera konpartitzen duten hainbat lagun dabiltza. Hala ere, Gilkitxaroren gertukoa den esperientzia da Bibote Gorriak eta hor Aiora Sedano ere taula gainean dugu.

Ibilbide luzea duzue eszenaren munduan. Nolakoak izan ziren hasierako garai haiek?

Antzerkiarekin jolasean hasi ginen. Ikastola garaian antzeztu genuen lehenengo obra Gabriel Arestirena izan zen, ikastolako irakasle batek animatuta. Angel Zelaietak babestu gintuen Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren semen santua lanarekin jolasteko. Urteekin afizio ofizio bilakatu dugu. Hasieran lotsa gutxi eduki genuen, gehiegi pentsatu gabe, entseatu eta ziztu bizian taularatzen genituen lanak. Hura bai erritmoa. Gerora, gauzak gehiago mamitzearen beharra sentitzen da. Baina aldi berean uste dut, gauzak beste modura borobiltzen saiatzen bagara ere, hasierako grina eta bat-batekotasun hori oraindik gordetzen dugula.

Eszena lan asko egin dituzue eta beti modu arrakastatsuan. Zein obrarekin duzu gomuta bereziren bat?

Obra guztiak dute gomuta edo oroitzapen gozo bat. Zaila izaten da bat aukeratzea. Askotan etortzen zaizkigu lan bateko esaldiak, edo pertsonaiak… Horrek esan nahi du gurean sakon geratu direla eta bizitzarako balio izan zaizkigula. Dena dela, antzezlanei agur esatea asko kostatzen zaigu. Elevator antzezlanari kategoriazko agurra eman genion Arantzan, Nafarroan, antzezlana, kontzertu, afari eta guzti… Baina hainbeste izan zirenez malkoak, beharbada horregatik obrak beti bizirik daudela sentitzen jarraitu nahi dugu.

Euskal Herriko eszenan mugimendua dagoela ematen du, ala espejismo hutsa da? Gaur egungo egoera ere larritzat hartu ahal da?

Mugimendua beti egon da, eta egoera larria izaten jarraitzen du, bai. Baina ez bakarrik kulturan, sistema bera esparru guztietan gizartea itotzen ari da, eta horri buelta eman beharra dago. Guk oholtzatik tira egiten jarraituko dugu, eta beste asko beste leku batzuetatik ere tira eginez jarraituz, eta ea dena hankaz gora ipintzen dugun, dagokion lekuan jartzeko.

 Gilkitxaro antzerkiaren Adarretatik Zintzilik lanarekin gozatu nahi baduzue, honatx hitzorduak: Urretxu (otsailak 20), Iruñea (martxoak 2), Azkoitia (martxoak 13), Bastida (martxoak 24) eta Oreretara (apirilak 24).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button