BERTSOTAN

Bardoak 2012 amaiturik

Bardoak 2012 Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketa, pasa den larunbatean Leitzan jokatu zen finalarekin amaitu zen.

Hauxe da handik bidali diguten kronika ederra.
“Arratsaldeko 17:00etan hasita, taula gainean ziren hiru taldeek, Lesakako Rimak Exkaxkok, Etxarri Aranazko Bilixkorrikok eta Oronoz/Malerrekako Erauntsik lan bikaina osatu zuten. Rimak Exkaxko taldeak irabazi zuen arren, parte hartzaile eta bertsozale guztien festa handia izan zen larunbateko saioa. Taula gainean bertsotan, bederatzi bertsolari; Rimak Exkaxko taldetik, Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez eta Eneko Fernandez. Bilixkorriko taldetik, Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Alain Iriarte eta Erauntsi taldetik, Iker Gorosterrazu, Alazne Untxalo eta Amaia Elizagoien. Bertsolari beteranoak batzuk, hasi berriak edo aspaldian bertsotan jardun ez direnak, beste batzuk.

Taldeka egindako hasierako agurrek umorea izan zuten ardatz, dantza, antzerki, mozorro eta kantu ezagunen bertsioekin. Bertsolariek ez ezik, taldekide guztiek parte hartu zuten agurrean eta publikoak gogotik gozatu zuren. Ondoren egindako lanak ere txukun eta maila onean osatu  zituzten bederatzi bertsolariek, ofizioka nola bakarka ale ederrak utziz.

Saioa bukatzeko berriz, duela gutxi zendutako Manuel Lasarte bertsolari leitzarrari omenaldia egin zitzaion. Leitzako bertso eskolako gaztetxoek eta Migel Mari Elosegi bertsolariak bertso bana kantatu zituzten eta ondotik, Jaione Olazabal abeslariak Lasartek idatzitako pare bat bertso sorta kantatu zituen, bertsozaleen gozamenerako.

Jai giro ederrean eman zitzaion bukaera finalari, talde finalisten parte hartzaile guztiak taula gainera igo zirenean eta bederatzi bertsolariek bukaerako agurrak kantatu zituztenean”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button