Euskadiko Filmategiak Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren laugarren edizioa abiatu zuen urrian, eta hil honetan azken saioak ikusteko parada izango duzue. Aurten, 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran jaiotako zuzendarien hamaika film eskaintzen ari dira.
Zikloaren antolatzaileek esan duten moduan, “Haien errealitatea ez da aurrekoek bizi izan zutenaren bera, eta desberdinak dira haien pertzepzioa, interesak eta begiratzeko modua ere. Zenbait ezaugarrik bereizi egiten dituzte emakumeok aurrekoetatik, baina beste askok eta askok lotu egiten dituzte guztiak. Leku propio bat aldarrikatzeak batzen ditu batzuk zein besteak, eta emakumeek funtsezko eginkizuna dute arian-arian sorturiko ekosistema horretan. Edizio hau osatzen duten fikziozko filmetan eta dokumentaletan, emakume errealizadoreek luze-zabal hitz egiten dute emakumeez, haien munduaz, beren buruaz, lankide eta adiskideez, bidea ireki zuten emakumeez eta ondoan jarraitzen dutenez ere”.
Ziklo horren barruan, bihar eta etzi, Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea zuzendarien Cabeza y corazón filma ikusi ahalko da, Artium museoan eta Tabakaleran.
Hauxe duzue lanaren sinopsia: Olinpiar Jokoetan parte hartzeko lortutako sailkapen bakar hartatik (92ko Bartzelonako Jokoak) 24 urte igaro ondoren, baliteke Espainiako gurpil-aulkiko saskibaloiko emakumezkoen selekzioa berriro ere sailkatzea Paralinpiar Jokoetarako. Nahiz eta beste herrialdeetako selekzioek baino bitarteko gutxiago izan, taldea bidea egiten ari da, iragarpen guztiak aurka izanagatik ere. Beste jokalari baten begirada hutsa izan zitekeen ikuspegiaren bidez, modu intimoan erretratatzen dira kirolariok, zeinak fisikoki zein psikologikoki hazten baitira, harik eta Tokioko 2020ko Jokoetarako sailkapen historikoa lortu arte.
Azken saioa berezia izango da, eta Montxo Armendarizen Nafarrako Ikazkinak lana ikusi ahalko da, abenduaren 22an, Artium museoan.