Amaitu gabeko mundua da Saul Leiterrena, gainera poetikoa da, irudizkoa, eta irudi eder horiekin bete du Donostiako Artegunea aretoa. Anne Morinek komisariaturiko erakusketak mota askotako paisaia poetikoak biltzen ditu (koloretako 200 argazki baino gehiago, berrogei margolan inguru, koloretako argazkien proiekzio bat, dokumentuak, aldizkariak, koadernoak eta hainbat kamera), izan ere, egileak “lan heterogeneoa, sailkaezina eta dentsitate handikoa osatu du, nola argazkilaritzan, hala pinturan”. Erakusketa azaroaren 10era arte bisitatu ahalko da Kutxa Fundazioa Artegunean.
“Saul Leiterrek margolari gisa duen keinua erakusten du, zeina mintzatzen baita hedadurari buruz, mugarik gabeko, hodeiertzik gabeko, gune bati buruz. Leiterren mundua zabaldu, tolestu, hedatu egiten da. Linealtasun hori denborazko uzkurdura batek eteten du, zeina sortua baita muntaia txikiez, argazkiaren denborakotasunari, aurkitutako irudiaren une erabakigarriari, dagozkien bat-bateko antolaerez. Denboraren zabaltze hori izango da erakusketan barrena bisitariei lagundu eta gidatuko dien hari eroalea, harik eta erakusketaren erdigunera iritsi arte, Leiterren logelara iritsi arte, hain zuzen; han sortu zuen In My Room [Nire gelan] izenburuko saila”.