Allende Arnaiz artistak Birsortu izeneko arte erakusketa abiatu du Oiartzungo Ehuntze sormen espazioan, 21 aulki zikloaren barruan. Erakusketa apirilaren 27ra arte izango da ikusgai.
Birsortu erakusketan “serigrafia eta argazki dokumentuen bidez Allende Arnaizek bere lana instalazio moduan aurkeztu du. Horretarako, egileak erakusketaren parte den Laharrak eta belarrak serieko serigrafiak Iztieta auzoko garaje batekoekin jarri ditu aurrez-aurre. Laharrak eta belarrak serieak bazterreko landaredia jasotzen du, lorategietan ez dagoena. Serie hau zelaiak eta soroak hartu eta baso bilakatzen dituzten landareei balioa emateko sortu zen, haien garrantzia eta edertasuna azaleratuz. Modu berean, Iztieta auzoan abandonatuta dauden auto konponketa garajeen ateen estetika erabiliz eta hauen irudiak serigrafia bidez manipulatuz, begi bistan jarri nahi da auzoaren eraldatze prozesua. Lehengo komertzio gehienak desagertzen ari dira, baina baita berriak sortzen ere, bizilagun berrien ohiturak eta beharrak asetuz: Halal harategiak, Kebabak, bizartegiak, yoga zentroak, kafetegiak… Bi elementuak bere testuingurutik atera eta manipulatuz, artistak beren izaera eraldatzaileari garrantzia eman nahi izan die.”
Ehuntze Metrokoadroka kolektiboak Oiartzunen kudeatzen duen sormen espazioa da. 21 aulki zikloa, berriz, 2018tik martxan dagoen ekimena da, arte diziplina ezberdinak herritarrekin elkarrizketan jartzeko xedez sortua.
Iaztik arte plastikoetan oinarritu da gehienbat: sei hilean behin artista bati espazioa eskainiko zaio, bere ideia propio baten inguruan hura eraldatu eta erakusketa bat sortzeko. Lehenengo erakusketa Onintza Etxebesterena izan zen, Allende Arnaizena bigarrena da, udazkenean Ainara Lasarena izango da hirugarrena. Erakusketa bakoitzari loturik saio osagarriak eskaintzen dira, tartean solasaldiak, errezitaldiak, edo tailerrak.
21 aulki ekimenari loturik artista-liburu bilduma bat jarri du martxan Metrokoadrokak, ArtemugarrI izenekoa. Allende Arnaizen Birsortu liburua inaugurazioaren egunean bertan aurkeztu da.