LITERATURA

Haur literaturako hiru lan berri aurkeztu ditu Elkar argitaletxeak

Aurkezpen ekitaldian honako hauek izan dira: Leire Bilbao eta Morkots, Antxiñe Mendizabal eta Jokin Mitxelena, Lutxo Egia, Txori kantariak, Poeta hegalariak liburua idatzi duten idazleen ordezkari gisa, eta Xabier Mendiguren editorea.

Antxiñe Mendizabalek hartu du hitza lehendabiziko. Lotsatia naiz, eta zer? liburuak mutiko oso lotsati baten istorioa kontatzen du. Ikasgelako neska bat atsegin du: Lore. Baina ez da ausartzen bere urtebetetzeko txokolatadara gonbidatzera. Lorerengana hurbiltzeko hamaika estrategia abiatuko ditu. Idazlea lotsatia izanda, "nahiko ondo" ezagutzen duen gaia dela esan du, protagonista, gainera, lotsatia izateaz gain hortzetako aparatua dauka eta hor ere antzekotasunak ditu autorearekin, "gai horrekin lotuta kontatzen diren guztiak neuk bizi izan ditut". Ipuina "Ekik bizitzan aurre egin behar dion egoera bat da. Azkenean ezustean lortzen du Lore bere urtebetetzeko jaira gonbidatzea, horrela, bataila itxiki bat gaindituz". Ilustrazioak Jokin Mitxelenak egin ditu: istorioa "abentura txiki bat da, bizitzaren froga bat, erraza izan da ilustratzea".

Bestalde, Olagarro bat bainuontzian haur literaturan eskarmentu handia duen Leire Bilbao poeta eta idazleak idatzi du, ilustrazioak berriz, Morkotsek egin ditu. Azken hori marrazki bizidunen mundutik dator. Ipuin laburra da, "4.000 karaktere inguru" esan du Bilbaok, "istorioa izenburutik hasten da": "Aitak ez dakit ze plan daukan olagarroarentzat. Baina nik badaukat bat, maskotatzat hartzea. Gurasoek, etxean ez dutela ez zakurrik ez katurik esan nahi izan didate beti. Baina ez didate olagarro bat hartzeko debekurik jarri. Beraz, bainuontziari leku egokia iritzi diot Erro bataiatzeko. Tapoia jarri, urez bete, gatza bota eta kito". Ipuina hain laburra izanik, ilustratzailearen lana "garrantzitsua" izan dela nabarmendu du Leirek. Morkotsek bere aldetik esan du ipuina marraztea "lan oso dibertigarria" izan dela gaineratu du.

Azkenik, Lutxo Egiak hartu du hitza Txori kantariak, Poeta hegalariak liburua egin duten autoreetako bat baita. Egigurenek aurretik azaldu duenez, liburua hau berezia da Euskaldunon Egunkaria itxi zutenekoa baita. Bertako langileei laguntzeko egin ziren bilduma batetik erreskatatu dute. Egiaren hitzetan, liburua "antologia den aldetik, ez du batasun formalik ez estilistikorik, ezta gaietan, ezta mezuan ere. Badago, baina, bada harmonia bat, erritmoak ekarria, horretara asko lagundu dute metaforek eta beste baliabide literarioek. Bere txikitasunean handia da, eta handitasunean txikia". Poesiak idatzi dituztenen artean Kirmen Uribe, Juan Kruz Igerabide eta Miren Agur Meabe daude. Ilustrazioak Elena Odriozolak egin ditu.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button