ESZENA

“Antzerkia Kalean” programaren azken lanak Donostian

Donostian uda osoan zehar hedatu den Antzerkia Kalean programaren azken errepresentazioak ikusteko aukera egongo da egun hauetan. Hala, gaur berton, iralak 2, Mumusic Circus taldearen Roda Món lana eszenaratuko da San Martzial plazan, 17:30ean. Obra honetan, musika, dantza, interakzioa, akrobaziak eta bitxikeriak nahasten dira Ikuskizun sinplea sortzeko, elementu eszenografiko baten inguruan garatzen dena: gurpila.

Bihar, halaber, Malas Compañías taldeak Txatarra lana eramango du Donostiako Atotxako Zelai plazara, 18:30ean. Taldeak honela aurkezten du bere lana: “Ongi etorriak gure neurrira egindako mundura, barrilez, taulez eta tramankuluez propio eraikitako unibertsora, errutinaz, ahultasunez eta ametsez ere osatzen duguna, zatoz gurekin inora ere ez garamatzan bidetik konformismo eta onarpenetik harago igo, jaitsi, jira, bira eta salto egingo dugu asperraldi astunena dibertsio bihurtuz. Txatarra publiko guztientzat egokia den antzerki-zirku ikuskizuna da, umorea, antzerkia, objektuen manipulazioa eta akrobazia uztartzen dituen lan ikusgarri, dibertigarri eta hunkigarria”.

Azkenik, etzi, Pez Limbo konpainiak Lana eskainiko du Julio Caro Baroja plazan, 18:00etan. Pez Limbok ametsen mundurako saltoa proposatzen du. Tailerrean lanean ari den jostun baten istorioa kontatuko du. Hasiera batean, pozik arituko da, baina denborak aurrera egin ahala, lana pilatzen hasiko zaio. Ametsen mundura ihes egingo du mundu berriak josiz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button