BESTELAKOAK

Goiatz Labandibarren “Zuri-beltzean” irakurraldia, “21 aulki” zikloan

Oiartzungo 100TZE espazioan errezitaldi eta irakurraldi egitarau bikaina programatu dute apirila bitartean 21 aulki izenburupean. Emanaldi guztiak 19:30ean izango dira.

Josu Landak Miguel Hernandez kantuz errezitaldia eskaini zuen joan den hilean, eta aste honetan,  otsailaren 25ean, Goiatz Labandibarrek Zuri-beltzean izeneko irakurraldia eskainiko du, 19:30ean. Zuri-beltzean errezitaldia Hala bazan… klixk! proiektu literarioan oinarrituta dago. Donostia 2016 eta Etxepare Institutuak emandako beka bati esker, Poloniako Wroclaw hirian garatu zen proiektua. Hala bazan… klixk! osatzeko, Goiatz Labandibarrek Euskal Herriko eta Poloniako sei argazkilari (eta emakumeren) argazkiak erabili zituen narrazioak sortzeko.
21 Aulki mikroerrezitaldian, horietako batzuk errezitatzeaz gain, proiektuaz eta argazkilaritzaz ere arituko da.

Datozenak honakoak dituzue: martxoaren 17an, Jose Luis Otamendik Kapital publikoa liburuan oinarritutako errezitaldia eskainiko du, eta apirilaren 28an, Hautudeterminazioa izeneko antzerki-irakurketa dramatizatua eskainiko dute Metrokoadroka kolektiboko bi kidek.

Antolatzaileek azaldu digute nondik sortu den ideia: “21 aulki izena jarri diogu ekimenari, 100TZE espazioa txikia izanik gehien-gehienez hogei aulki sar ditzakegulako. Batgarren horrekin gonbidatuaren etorrera adierazi nahi dugu sinbolikoki. (…) Formatu txikietan gauza handiak egin daitezkeela sinestuta gaude. Errealitate hori aintzat hartuta, errezitatzera zein entzutera datozenei hitzordu goxo bat eskaintzea izango da gure asmoa”. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button