EZLEKUBAT

Ihes Ederra: “Balkanetan edo Kaukason koka gaitzatela”

“Agertu dira eta ez dute ihes egin. Baina ihesaren gainean egin dute berba biek Hedoi Etxartek eta Alain M. Urrutiak, biena baita Alberdaniak argitara ekarri duen Ihes Ederra izeneko komiki-liburua. Testua konplexua da, eta badu poesiatik, filosofiatik asko eta testua eta marrazkiak biziki ongi loturik agertuko zaizkigu.
Liburua pentsarazteko sortua da, gozatzeko baina era berean kezkatzeko, izan ere gure konplexuak aterako dira bertan, ironiaz eta barreka tratatuak batzuetan, baina beti modu inteligentean”, idatzi genuen nontzeberritarrok Ezleku bat atalean jasotako elkarrizketan 2009 urtean, Ihes Ederra nobela grafikoa 2009an argitaratu zen urtean, hain zuzen. Orain gurera ekarri dugu berriro argitalpen erakargarri hau katalanera eta gaztelaniara itzuli baitute. Hala, egileekin (Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutia) jarri gara ostera harremanetan UMPS erakundearen bitartez bi itzulpen horien berri izateko.

Euskarazko bertsioak nolako harrera izan zuen? Jada tarte luzea igaro da Ihes Ederra argitaratu zenetik. Nolako balorazio egiten duzue?

UMPS: 2009ko irailean argitaratu genuen, handik bi hilabetera bigarren inprimatzea izan zuen. Handik zazpi hilabetera Alberdaniak espainolezko eta katalanezko itzulpenak argitaratzea proposatu zigun, baiezkoa esan eta espainolezkoa Hedoi Etxartek itzuli du fidelki, katalanezkoa Carme Oliverasek eta biak Alain M. Urrutiak muntatu ditu. Euskarazkoak talka mediatikoa handia izan du, liburu ezohikoa izanik ere salmentak ondo joan dira.

Itzulpenari dagokionez, testuak berdin mantendu dira edo egokitzapen handiak egin dira?
UMPS: Testu itzulia berdina da. Euskaraz autoitzulpenean bertsioak hobetzeko tradizio handia dago, guk traizio egin diogu eta testuak, estekak eta poemak ahalik eta fidelen itzuli ditugu. Uste dugu, autoitzulpenean tranpak egiten dituztenek ez bezala, espainol hiztunek eta katalan hiztunek euskaldunek adinako ulermen gaitasuna dutela. Irudiari dagokionez estilo neoestalinista erabili dugu, trazu batzuk zuzendu, behar ez zuen pertsonaia bat ordezkatu, aurkibidea hobetu. Berritasun nagusia liburuari buruz esandakoak kontrazalean sartzea izan da. Faksimile modukoa egin dugu azalari geruza koloretsua batuz lixiba marka baten eta Kurdistanen elkartasunaren afixa baten omenez.



Uste duzue istorioak berdin funtzionatzen duela edozein hizkuntzatan?

UMPS: Euskaraz, espainolez, frantsesez, aragoieraz eta katalanez estrategia kontuengatik funtzionatzen du, partaideak direlako denak. Halere, agian hobe litzateke Euskal Herria ere non dagoen ez dakienaren irakurketa, Balkanetan edo Kaukason koka gaitzatela Code: Ezkutu Longue Portéerekin (John Etxebeltz, Aïtamatxi edizioak 2008) gerta daitekeen bezala.

Orain egitasmo berrian ari zarete buru-belarri. Zer edo zer konta dezakezue? Formatu bereko zerbait izango da, alegia, iturri askotatik edan eta irakurketa maila ezberdinak dituen nobela grafikoa? Andreas eta Gudrun-en bikotekeriak?
UMPS: UMPS erakundearen lehen zelula Spartakus UchronistInen izan zen (2008), oraingoz liburu berak hiru ISBN ezagutu ditu. ZuZeu albistariak poema eta irudiekin zerbait egiteko ekimena helarazi eta UMPS Angiolillo Pamphletisten besoa sortu zuten Andreas Baader eta Gudrun Ensslinek. Hamar bat poema eta bi panfleto izkiriatu dituzte oraingoz. Erakundearen azken zelula Tania Hearst eta Petra Schelmek osatutako UMPS LOUISeMICHEL DADAISTiNEN izan da eta Orgasmus (Txalaparta 2010) liburuan ikusi du argia panfleto horrek.
Laburtuz: erakunde bat, hiru zelula nagusi, hiru liburu, ZuZeun eta Hitzen Uberanen kolaborazioa, hamar poema, bi panfleto eta liburu kolektibo bati ekarpena.


 
Zertan zabiltzate bakoitza bere aldetik?
UMPS: Alain M. Urrutia Bilbon bizi da eta han margotzen du. Hedoi Etxarte Gasteizen bizi da eta euskaltegian eskolak ematen ditu. Andreas Baader institutuko atezaina da eta Gudrun Ensslinek soka laukote batekin jotzen du Donostiako Boulevardean. Tania Hearst biologiako irakaslea da Leioan eta Petra Schelm ile-apaintzailea da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button