Abenduaren 27an, Roots Parkea izeneko roots reggae jaialdiaren seigarren edizioa egingo da Basauriko Basozelai Zentro Zibikoan, 20:00etatik aurrera. Eszenatokian hauexek arituko dira: Marga Dread, Roberto Sanchez, Charles Cooper, Eztandub eta Thunder Club Souns System.
Reading (Erresuma Batua) hiriko reggae eszenako artista ezaguna da Marga Dread. Estilo horretako makina bat hitz idatzi ditu; tartean, 1998an, Jamaikako futbol selekzioarentzat egindako Walk line a jamaican doinua.
Roberto Sanchez kantabriarra, halaber, roots reagge eta dub generoetan maisua da. Lone Ark goitizenarekin aritzen da, eta makina bat proiektutan parte hartu du, besteak beste, BDF Meets Loud & Lon (Brixton 2002) diskoan, Ingalaterran bizi den Iñaki Yarritu ekoizle bilbotarrarekin batera.
Charles Cooper estatubatuarra jazz irakaslea da Bilbon; Hip Hop Chosen Few taldean jotzen du. Thunder Clap Euskal Herriko eta Ingalaterrako musikariek osatutako egitasmoa da. Azkenik, Eztandub taldean, Bilboko reggae ekoizle eta kantari batzuk biltzen dira.