Aurtengoa, Jamminjam jaialdiaren laugarren edizioa izango da, eta 20:00etan hasiko da Ganjazz-ek cannabisaren inguruan eskainiko duen hitzaldiarekin. Cannabis-aren arriskuen murrizketa erantzukizunezko kontsumoa bideratuz: eredu eta pausuak izango dute hizpide.
Musikari dagokionez, bertako eta nazioarteko reggae eta hip hop ordezkariak izango dira. Honatx zerrenda: Ras MC Bean (Guyana), Irie Ites Sound (Frantzia), Soul Force (Alemania), Skakeitan (Euskal Herria), REvolutionary Brothers & King Konsul & Yanu, eta azkenik bideojockey-ak. Emanaldiak 21:00etan hasiko dira.
Guyanako Ras MC Bean, Europako new roots estiloko abeslari handienetakoa da. Karibetarrak izugarrizko indarra eta komunikatzeko gaitasuna agertzen ditu zuzenekoetan. Bere azkenengo diskoan Anthony B eta Morgan Heritage-n kolaborazioak izan ditu.
Irie Ites Sound (Frantzia), sound system eta diskoetxe ezaguna da Europako reggae eta hip hop eszenan. Produkzio ugari kaleratu ditu Jamaica eta Europako abeslari ospetsuekin, hala nola, Heptones, Glen Washinton, Sizzla, edo Lorenzo. Emanaldian produkzio propioak, remix-ak eta hip-hop doinuak uztartuko dituzte.
Soulforce, remix-ak egiten momentuko artistarik arrakastatsuena da. Alemaniarrak zuzeneko sendoa dauka eta publikoa dantzan jartzeko ahalmen ikaragarria dauka.
Euskal ordezkariak bi izango dira eta biak ala biak donostiarrak: batetik, Skakeitan ska talde gaztea, oraintsu maketa bat argitaratu du, eta bestetik, Revolutionary Brothers Donostiako sound system ezaguna, zeinak bigarren lana aurkeztuko duen King Konsul eta Yan abeslarien laguntzarekin.
Gasteiz
Bestalde, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan The Mighty Diamonds eta Linval Thompson reggae musikari klasikoak izango dira igandean. Lehenengoek 40 urteko ibilbidea egin dute musika estilo horretan, eta roots reggae esparruan aitzindariak dira. Hirukote jamaikarrak hainbat klasiko joko ditu, hala nola, I Need a Roof eta Pass the Kouchie. Linval Thompson jamaikarrak berriz, ikaragarrizko arrakasta lortu zuen 1978 urtean bere herrialdean eta Ingalaterran I Love Marihuana kantuari esker. Jamaikarrekin batera Green Valley banda gasteiztarra eta disko jartzaileak izango dira.
Nontzeberri