MUSIKA

Mikel Urdangarinek 28 kantuko zuzeneko bikoitza argitaratu du

Iragan 2010eko abenduaren 30ean Bilboko Kafe Antzokian emandako emanaldia jaso du CD bikoitzean musikari bizkaitarrak. Orotara 28 kantu biltzen ditu, alegia, bi ordu eta erdiko lan “luzea”. Urdangarinek gaur goizean aurkeztu du aipaturiko lana eta “harro” agertu da egindakoaz. “Amets edo desira txiki bat bete dut”, azaldu du.

“Duela 15 urte, hasi nintzenean ez nuen uste amets hau beteko zenik, zintzilik, horizontean beti egon den zerbait izan da zuzenekoa grabatzea”, azaldu du Urdangarinek.

Hasiera batean kantuen aukeraketa egitea pentsatu bazuen ere, azkenean emanaldi osoa jasotzea erabaki du. Kantuok bi zati berezituetan banatzen dira. Lehenengo ordu eta erdia, atal “landuagoa, pentsatuagoa eta konponduagoa” da. Bigarrena ordua, berriz, “libreagoa” da, “jai giroa nabaritzen da”. Izan ere, bigarren multzo hori inprobisatua  da, ez baitzuen buruan horrelakorik egitea.

Kantuei dagokienez, esan du 28 doinu horiek jotzen ez dela nekatu, oraindik bizirik dirautela beregan, eta diskoan entzuterakoan isilune asko nabaritzen direla, ikus-entzuleek errespetuz jokatu baitzuten musikariekiko. “Entzuleen babesa eta beroa nabaritzen dira, eta kontzertua ezin hobeto atera zen, niretzat emanaldi zoragarria izan zen”.

Diskoa “emotiboa” dela nabarmendu du, eta egitearen arrazoia talde soinua biltzea izan dela. “Duela urte batzuk nabil musikari hauekin eta zuzeneko soinu hori jaso nahi nuen”. Hala, grabazioan Bingen Mendizabal (zazpi hariko biolina), Nika Bitchiasvili (biolina), Rafa Rueda (gitarra), Sahilea (bateria-jotzailea), eta Koldo Uriarte (teklatua eta melodiako) musikariek parte hartu dute. Gonbidatu berezi gisa Josu Zabala aritu zen trikiarekin. “Musikarion ekarpena funtsezkoa eta ezinbestekoa da, haien presentzia nirea bezain handia da eta haiek entzuten hunkitu egiten naiz”.

Produkzio artistikoaz Mikel f Krutzaga arduratu da eta masterizazio Krutzagak berak egin du New Yorkeko Greg Calvirekin (Sterling Sound).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button