
Eztena jaialdiko kideek eta Zizt! Kultur elkarteak antolatutako Eztena jaialdiak bere 18. edizioa egingo du Errenteria- Oreretan, ekainaren 5etik 7ra.
Eztenak irekiera ekitaldia egin zuen maiatzaren 16an, Mikelazulon, aurtengo egitarau osoa aurkezteko, eta bertan ere, bi emanaldi berezi izan ziren: AH (Ahots Hutsez) bost ahotsetara landutako polifonia taldearen kontzertua eta J.B. Pedradasen (Javier Barandiaran) La Fiesta Fiesta pieza.
“Ohiko konbentzioetatik ihes egiten duten proposamenekin, aurten ahotsa eta polifonia izango dira jaialdiaren gai nagusia, egitarau osoa josiko duen hari gisa. Ikuspegi honek kantuaren mugak gainditu eta ahotsa tresna, materia eta sormen-espazio gisa arakatuko du herriko kale eta aretoetan, askotariko antzerki, dantza eta musika emanaldiekin”.
Eztena jaialdiak arte eszenikoetan formakuntza eskainiko du Laia Estruch artista entzutetsuaren eskutik. Nazioartean oihartzuna duten MACBA edo Museo Reina Sofia erakundeetan aritu den sortzailea da. “Gorputzaren eta entzutearen bidez, soinu-adierazpen forma berriekin esperimentazioa lantzeko laborategi performatiboa izango den formakuntza” eskainiko du ekainaren 4tik 6ra, Niessen Kulturgunean.
Ekainaren 5etik 7ra askotariko sortzaileek “ahotsaren dimentsio performatiboa arakatuko dute, dantza, musika eta antzerki emanaldiekin”. Ostiralean, Peru Galbete, Andrea Berbois eta Victoria Aime igoko dira agertokira. Larunbatean, Laia Estruchen lantegiaren emaitzaz gozatzeko aukeraz gain, Maria Ibarretxe, TARTAR kolektiboa eta Parasite kolektiboaren lanak ikusi ahal izango dira. Igandean, Macarena Recuerdaren eta Nazario Diazen emanaldiek itxiko dute jaialdia.



