
Sam Gandarias figura omentzeko kontzertu narratiboa egingo du Luhartz taldeak, ekainaren 7an, Plateruenan. Bertan, musika eta hitza uztartuz, XX. mendearen hasierako euskal migrazioaren ahotsa berreskuratuko da.
Simon Gandariasen bertsoetatik abiatuta (Joseba Sarrionandia idazleak We Are Plenty in Here Euzkadin eginak lanean bildutakoak), ikuskizunak iragana eta oraina lotzen dituen esperientzia emozional eta bisuala proposatzen du.
Autore ahaztua da Simon Gandarias ibarrangelutar-elantxobetarra. Duela ehun urte, zer-eta bertsoak egiten zituen Sam Gandariasek Utah, Nevada, Kalifornia, Idaho, Oregon aldean. Zergatik alde egin behar izan zuen Euskal Herritik? Zertarako idazten zituen euskarazko bertsoak Ameriketako Far West-ean? Mundu horretan murgildu da Joseba Sarrionandia egilea.
Luhartzek bere bertsoetatik abiatuta sortutako kantuek figura horren istorioa gogora ekarriko dute eta migrante askoren esperientziari ahotsa jarriko diote, bereziki Ameriketara joan ziren euskaldun askorenari.
Ikuskizunaren ardatza hiru elementuren arteko elkarrizketa da: musika zuzenean (Luhartz), narrazioa, eta proiekzioak (argazki eta testuak).



