ESZENA

Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriagak bosgarren edizioa ospatuko du

Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriaga bosgarren ediziora iritsiko da aurten. Azaroaren 27an eta 28an eta abenduaren 10etik 13ra, euskal sormen garaikidearen aniztasunaren inguruko sei kultur hitzordu eskainiko ditu.

Zure gailurretik gora lelopean abiatuko dira hitzorduak eta “kulturak bizipoza pizteko, irudimena zabaltzeko eta munduari beste begirada batetik heltzeko duen gaitasuna aldarrikatuko du jaialdiak”.

Aurtengo egitaraua Zaratamoko Kultur Aretoan, Arkotxako elizan, Abusuko Kultur Zentroan, Lonbo Aretoan eta Azokan garatuko da. Kulturaz gozatzeko “leku eta modu ezberdinak proposatuko ditu, kontzertuetatik dantzara eta literaturatik dastaketara”.

Azaroaren 27an, Ines Osinaga eta Ahizpak musikariek Euskal Herriaren eta Kubaren arteko musika bidaia eskainiko dute Zaratamoko Kultur Aretoan. “Trikitixa, perkusioak, gitarrak, ahotsak eta erritmo elektronikoak uztartuko dituzte lau sortzaileek. Irrintzien eta reggaetoiaren, son kubatarraren eta kalejiren arteko joan-etorrian, entzuleak hunkitzeko eta dantzara gonbidatzeko emanaldia eskainiko dute”.
Hurrengo egunean, Arkotxako elizan, Mursego eta Joseba Sarrionandia elkartuko dira Sukramarkus proposamenean, Markos Gimenoren palindromoen unibertsoa berrinterpretatzeko.

Azken saioak honako hauek izango dira: Abenduaren 10ean, Kea eta Tinieblak – Memoria eta euskal dantzak, begirada garaikidetik; hilaren 11n, 1:1 eskala, Olatz Salvador eta Alaia Martin sortzaileekin; abenduaren 12an, Mikel Urdangarin arituko da Lonbo Aretoan, eta azkenik, Ulibarri Artzainak proiektuaren gazta eta txakolin dastaketak itxiko du bosgarren edizioa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button