
Aurten, Eszena Berritzaileen Nazioarteko Jaialdiaren XXIII. edizioa jarriko da bidean ekainaren 3tik 6ra arte. Barakaldo Antzokian, Guggenheim Bilbao Museoan, BBK Aretoan, Kafe Antzokian eta BAI eskolan hamar ikuskizun baino gehiago haizatuko ditu ekimenak. Beste aldetik ere, publikoaren eta sektoreko profesionalen arteko tailerrak eta topaketak ere antolatu dira egun hauetarako.
Jaialdian denetarik ikusteko aukera egongo da, eta abangoardiako antzerkia, dantza, performancea edo diziplina eszeniko desberdinetako lan laburrak izango dira programazioaren ardatz nagusia. Izan ere, jaialdiaren helburua da “abangoardiako arte eszenikoak lurraldeko publikoari hurbiltzea eta zirkuitu konbentzionaletatik kanpo lan egiten duten nazioko eta nazioarteko konpainien lana bultzatzea”.
Aurtengo ediziorako ia 600 eskaera jaso dira kontinente guztietatik. Horren ostean batzorde batek aurtengo edizioko piezak aukeratu ditu, eta hala, guztira, ACT Jaialdiak 14 pieza eszeniko labur (gehienez 30 minutuko iraupena dutenak) erakutsiko ditu lehiaketan, aurreko edizioan saritutako konpainien bi erakusketa lan, bi workshop eta artisten, kultur kudeatzaileen eta publikoaren arteko topaketa bat. Aurten, Suitza, Estatu Batuak, Txile, Alemania, Italia, Frantzia, Belgika, Mexiko eta Koreako ikuskizunak oholtzaratuko dira.
Edizio honek izaera identitario nabarmena duten lanak bilduko ditu. “Gorputza kultur artxiboko elementu gisa, emakumearen sustraitzea bere gorputz eta identitatearekiko, informazioaren bonbardaketa edo harremanen aldakortasuna…” dira aurtengo jaialdiko gaietako batzuk.
Egun guztietako programazioa zertan den jakiteko: ACT



